Andoni Agirrebeitia alkateak, Luisja Ugarte kultur programatzaileak eta Mirian Arriaga gazteria arloko teknikariak eman dituzte aurtengo lehiaketaren inguruko azalpenak.
Haizetara lehiaketa "Zornotzan burutzen dugun ekintzarik internazionalena" dela azpimarratu du Andoni Agirrebeitia alkateak, eta ohorea dela alkate kargua hartu osteko lehenengo agerraldian hau bezalako ekintza bat aurkeztu ahal izatea. "Talde mundialak dira datozenak, aurreko urtetatik ezagutzen ditugunak, kalitate gorenekoak", esan du alkateak, "eguraldia lagun izango dugula dirudi gainera, beraz, osagai guztiak dauzkagu Zornotzan asteburu bikaina igarotzeko".
Aperitiboa, bihar
Bihar izango da Haizetara jaialdiaren lehenengo musika emanaldia. Azken aldian kaleko musika barik, eszenatokirako ikuskizunak lantzen dituelako lehiaketatik kanpo ariko den Fanfare Petard taldeak zabalduko du, X. Haizetara. Andra Mari plazan ariko dira, musikari frantziarrak, 20:30etik aurrera.
Barikutik domekara, egun osoan zehar ibiliko dira lehiaketan parte hartuko duten taldeak, plazaz plaza eta kalerik kale euren musika eskaintzen. La Banda de la Maria (Sevilla), No Water Please (Paris), Magicaboola Brass Band (Livorno), The What Cheer? Brigade (Providence, AEB), Funky Style Brass (Frantziako Tolosa), Oompah Brass (Londrese), Le Bus Rouge (Lyon), eta iazko irabazlea izan zen Perhaps Contraption (Londres) taldeak gonbidatu dituzte Zornotzara.
12.000 euroko sari nagusia
Aurreko urteetan bezala, musika adituek osaturiko epaimahaiak emango duen saria (12.000 eurokoa), herritarren bozkaren araberakoa (5.000 eurokoa), eta instrumentistarik onenarentzakoa (1.500 eurokoa) banatuko dituzte, asteburuan. Luisja Ugartek aurreratu duenez, Radio3 irratiko Discópolis programaren arduraduna, Jose Migel López kazetaria, izango da epaimahaiaren presidentea. Ugartek azaldu duenez, gainera, barikuan, Zornotzatik egingo du Lópezek irrati programa.
Jaialdiak irauten duen egunetan, bestalde, parte hartzea gura duten musikari guztientzako zabalik egongo den Jam Session saioak egingo dituzte. Carlos Velazquez Quartet taldeak zabalduko ditu, 23:30ean, Harrison hotelean, inprobisazio saio horiek, eta gura duen musikari oro dago parte hartzera gonbidatua.
Haizetara jaialdiaren bederatzi urteotako balantzea egin du Luisja Ugarte programatzaileak prentsaurrekoan, eta datuok mahaigaineratu: 9 ediziotan, 22 nazionalitateko 78 musika talde igaro dira lehiaketa honetatik, eta denera 600 musikarik baino gehiagok parte hartu dute.