Markeliñe antzerki taldearen Kixote antzezlan berriaren estreinaldiak zabalduko du, bihar eta etzi, Zornotza Aretoko urte berriko programazioa. Joserra Martinez Markeliñe taldeko kideak eman ditu Kixote obraren nondik norakoak, eta datozen lau hilabeteetarako Zornotza Aretoan prestatu duten egitarauaren errepasoa egin dute Ugartek eta Agirrebeitiak, ondoren.
Zornotza Aretoan hiru domeka eguerditan lehenengoz eskainiko dituzten musika emanaldiak nabarmendu ditu Luis Javier Ugarte programatzaileak egitarau mardularen artetik. Bizkaiko musikari gazte profesionalek osaturiko BIOS orkestrak eskainiko ditu emanaldi horiek, hiru domeka eguerditan; otsailaren 15ean, martxoaren 15ean, eta apirilaren 19an, hain zuzen ere. Ana Uriarte zornotzarraren zuzendaritzapean jardungo dira musikari gazteak, Zornotza Aretoko bazkideentzat doakoak izango diren hiru hitzordutan.
Markeliñeren asteburu honetako emanaldiaz gainera, beste zortzi antzerki emanaldi ere izango dira datozen asteetan, Zornotzan: Glu Glu Produkzioak taldearen De cuerpo presente eta Dejabú taldearen Arrastoak, Lauka talde gaztearen Amodioaren ziega, edota Portugalgo Chapitó taldearen Edipo, besteak beste.
Umeentzako bereziki sorturiko lanei dagokienez, Gorakada taldearen Aladdin eta Marcel Gross pailazoaren Minutos izango dira, esaterako, Zornotza Aretoan ikusgai. Bestalde, 2014ko Haizetara jaialdiko sarietako bat jaso zuen Mastretta musika taldeak ere umeentzako emanaldia eskainiko du, Zornotzan.
Agerraldi horretan Andoni Agirrebeitia zinegotziak azpimarratu duenez, programazio "ikusgarria, kalitatezkoa eta bariatua" izango da Zornotza Aretoko datozen lau hilabeteetakoa. Egitarau osoa, www.zornotzaaretoa.net webgunean dago eskura.