“Zergatik izan behar dugu denok berdinak?” eta “zer gertatzen da gizarteko arauetatik kanpo geratzen garenean?”; horiek dira, besteak beste, antzerki taldeak planteatu dituen galderak. Izan ere, Kixote pertsona konbentzional bihurtu gura du Santxok, baina horrela haren nortasuna galduko luke lagunak. Beraz, bestelako galdera bat ere mahaigaineratzen du obrak: “Santxok zergatik ez dio uzten Kixoteri bere ametsetan murgilduta bizitzen?”. Lagunari hegalak moztu, edo aske eta den bezalakoa izaten utziko dion erabaki beharko du Santxok.
Prozesu luzeetan sorturikoak izaten dira Markeliñe antzerki taldearen antzezlanak. Urtebeteko lana du Kixote antzezlanak ere. Izan ere, beste norbaitek sorturiko testua antzerki bihurtu barik, hasierako ideiatik tiraka taldekideek eurek sortzen dute testua, eta eurek ematen diote forma ikuskizunari. Jon Kepa Zumalde Markeliñeko taldekideak azaldu duenez, “jolasen bitartez hasten gara eszenak sortzen, horiek lotzen, eta ikuskizunari erritmoa ematen”.
Azken hiru urteetan urtarrilean estreinatu dituzten obrekin bezala, Gabon aurreko egunetan, Zornotzako Lauaxeta ikastolako eta Gatikako eskolako umeei eskaini diete Markeliñe taldekoek antzezlana. Umeen inpresioak jasotzen dituzte estreinaldiaren aurreko emanaldi horietan: zer gustatzen zaien gehien, zelan erreakzionatzen duten... Oso pozik daude orain arteko erreakzioekin. Jon Kepa Zumalderen berbetan, “estreinaldira sendoago joateko, oso baliagarria zaigu emanaldi horietan lorturiko informazioa”.
Taldekidearen hitzetan, Markeliñeren helburua beti da aurrera egin, eta gauza berriak probatzea. Gaur eta bihar estreinatuko duten Kixote obraren kasuan, zirkuaren munduan murgildu da Markeliñe antzerki taldea, lehenengoz. Eta. esate baterako, Maitane Azpiroz trapezistaren mugimenduek irudikatzen dute Kixoteren ametsetako mundua.
Taularaturiko gaiez berba egiteko gonbidapena, umeei zein helduei
Gogoetarako gaia eskaintzen dute Markeliñeren antzezlanek: gerraz, minbiziaz, alzheimerraz, adiskidetasunaz eta ekologiaz aritu izan dira, esaterako, azken antzezpenetan. “Gonbidapena egiten dugu gurasoen eta umeen arteko harremanerako, antzezlana ikusi eta gero bertan taularaturiko gaiez berba egin dezaten. Nahi izanez gero, gurasoek badute balio batzuk lantzeko aukera”. Emakumezkoak dira Kixote lanean diharduten hiru aktoreak. Duela 30 urte, Markeliñe sortu zutenean, gizonezkoak zirela azaldu du Jon Kepa Zumaldek, baina apurka-apurka emakumeek dagokien lekua hartu dute: “Azkenaldian emakumeek daukate taula gainean garrantzirik edo pisurik handiena, eta obra honetako aktore taldea ere maila gorenekoa da”. Hamabi lagunek osatzen dute gaur egun Markeliñe antzerki taldea, eta denek hartzen dute parte eszenografian, lan artistikoan, gidoian, argiztapenean zein zuzendaritzan. |