Doctor Deseo: rocka, kabareta eta diskoteka batzen dituen ikuskizuna

Anboto 2014ko uztailaren 18a

Musika izango da Zornotzako jaietako eskaintza garrantzitsuenetako bat. Egunez zein gauez, kaleko musikak eta kontzertuek beteko dute herria. Eta jai girorako aukera zabal horren artean, Doctor Deseok sortuko du ikusminik handiena. Francis eta konpainia agertokietara bueltan dira, Busco en tus labios... Lo mejor del deseo lan berriagaz.


Plateruenean egin zuten biraren estreinaldia martxoaren 7an. “Aurkezpen guztiak jai, intentsitate eta ospakizun bihurtu dira”, azaldu dute. Hiru ataletan banatu dute ikuskizuna: hasiera energiaz betetakoa izan ohi da; tartean emozioei eta kabaretari uzten diete lekua, eta rockagaz eta diskoteka giroagaz amaitzen dute kontzertua. Adierazi dutenez, emanaldi guztietan helburu bera daukate: “Publikoarengandik ahalik eta gertuen kokatzea, zuzeneko argiak ematen duen sentsibilitate bereziagaz lagunduta”.

80ko hamarkadatik hona
Atzera begirakoa egin dute Doctor Deseokoek. Taldekideek diotenez, Busco en tus labios abestiagaz hasi zen guztia 80ko hamarkadan. Handik honako abesti esanguratsuenak freskatuta eta berri batzuk gehituta osatu dute diskoa. Gainera, Bideografik ekoiztetxeak ondutako dokumentala ere badakar lan berriak.
Uztailaren 18an dator Zornotzara Bilboko taldea. Zubiondo plazan eskainiko ditu bere rocka, kabareta eta diskoteka, gaueko 23:00etatik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!