Ondoren, Erdi Aroko jokoak egongo dira. Joko horiek “sorpresa izango dira denontzat”, adierazi du Zornotzako Gazteak elkarteko Enara Lauzirikak: “Unean bertan izango dugu denok joko horien berri”. Gero, 19:00etan, parte-hartzaile guztiek berriro herriko txoko guztietara zabalduko dute jai giroa poteo herrikoiaren bidez.
Kuadrillen arteko txallengea
Kuadrillen arteko txallengeak arrakasta handia izan du azken urteetan. Aurten hamazazpi kuadrilla dabiltza parte hartzen. Lau proba falta dira aurtengo irabazlea nor den jakiteko: zapatuan, marmitako lehiaketan parte hartuko dute; martitzenan, play-back lehiaketan; eguaztenean, piragua jaitsieran; eta, barikuan, herri kiroletan. Iazko txallengea Billur Barik kuadrillak irabazi zuen; Nire Ardiek eta Lastobixerrak geratu ziren bigarren eta hirugarren.