Olatz Agorria, txirrindularia: "Profesionaletara heltzea amets bat da, baina lortzen saiatuko naiz"

Anboto 2014ko uzt. 9a, 11:50

Selektibitatea egiteko atseden bat hartu ostean, gogor dabil entrenatzen Olatz Agorria (Euba, Zornotza, 1996), irailean Murtzian jokatuko den Espainiako Txapelketari begira. Beste Alde taldeko txirrindulari gazteak Euskadiko Txapelketa irabazi du aurten, junior mailan, eta horren aurretik Bizkaiko txapela ere jantzi zuen. Profesionaletako ametsa ikasketen erralitateagaz bateratzen du.



Denboraldi bikaina osatzen zabiltza, txapelketa bi lortuta.
Lehenengotan ez nintzen izan Bizkaikoa korritzekotan. Nire aitita hil berri zen, eta ez neukan gogorik. Baina animatu egin ninduten, eta azkenean korritu egin nuen. Helmugan sartu eta gero gogoratu nintzen Bizkaiko Txapelketa zela, eta irabazi egin nuela esan zidaten. Euskadikoa ez nuen inondik inora espero. Esana zidaten oso gogorra zela. Arinagoko lasterketetan ondo nenbilen, eta txapelketan aurrean sartu nintzen. Gero, Durango-Durango nazioarteko klasikan ere parte hartu eta amaitu egin nuen, espero ez arren.

Zelan joan zen Euskadiko Txapelketa?
Amaieran hiru geratu ginen, Eider Unanue, Naia Leonet eta hirurok. Eta esan nuen: “Hau da nire unea; edo beherantz zer edo zer egin, edo esprintean ez dut aukerarik izango”. Eurek esprintean ahalmen handia daukate, eta ez nuen horra heldu gura, oso gaitza izango litzatekeelako, ezinezkoa. Beraz, beherantz ihes egin nuen, eta, gutxigatik, baina irabazi egin nuen.

Zer sentitu zenuen irabaztean?
Irabazten dudan lehenengo aldia zen, beraz, oso pozik nago.  Hasieran ez nuen sinisten. Euskadiko Txapelketa irabaztea motibazio handia izan da.

Zeren emaitza da garaipena?
Entrenatzearena eta eguneroko lanarena. Hainbat gauzaren batura izan da.

Zerk eraginda hasi zinen txirrindularitzan?
Nire ustez, neska asko lez. Aita bizikletan ibiltzen zen, eta neba ere hasi zen. Aitak nebaren lasterketetara eta entrenamenduetara eramaten ninduen, eta azkenean izena ematera animatu ninduen. Orduan gimnasia erritmikoa ere egiten nuen. Eskolan nenbilela, azkeneko urtean, ea Espainiako lehietara joan gura nuen galdetu zidaten, eta baietz esan nuen. Orduan hasi nintzen serioago hartzen.

Gaur egun zer da txirrindularitza zuretzat?
Bizitzeko modu bat da. Ikasten nagoenean, ikasi eta entrenatu egiten dut. Orain, udan entrenatzea oso ondo etortzen zait, burua lasaitzeko eta argitzeko balio dit. Lagunak ere egin ditut kirol honi esker. Bestalde, gauzak lortzean asetu egiten zara, lan guztiak zentzu bat daukala ikusten duzu. Norberagaz pozik egoteko modu bat da txirrindularitza.

Zelako txirrindularia zara? Esprinterra ez, ezta?
Ez, inolaz ere ez. Euskadikoan hirutik hirugarren izango nintzatekeen. Bajatzen ez daukat beldurrik, eta arriskatu egiten dut. Igoeretan eutsi egiten diot, eta iaztik hobetu egin dut, gainera. Jendeak dio esprinterra dela, edo igotzailea; ni esprinterra izan ezik, beste edozer naiz.
 
Pistan ere ibilia zara.
Bai, neguan pistan aritzen nintzen, eta gero errepidean. Baina aurten ez dut pistarik egin, hemengo belodromoan euria badago, ezin delako ibili. Horren baldintzapean ez egoteko ez dut egin pistarik. Errepidea entretenituagoa da, gainera.

Zein mendate igo nahi zenuke?
Hain justu, joan zen asteburuan Tourmalet (Frantzia) eta Aubisque (Frantzia) igotzen egon nintzen. Paisaiak oso politak dira; baina suabe-suabe igotzeko. Lagun baten gurasoek Luchon-Baiona lasterketa egin zuten, eta horregatik egon gara han.

Hurrengo hilabeteetarako zer asmo daukazu?
Orain, mutilenetan parte hartu. Gero, Espainiako Kopako bi edo hiru proba geratzen dira: 19an, Zamoran (Espainia), eta hurrengoa Villarcayon (Espainia). Irailean Espainiako Txapelketa helduko da, Murtzian. Gogorra izango da, Murtzian sekulako beroa egin ahal digulako.

Eta aurrerago?
Lehenengo ikasi, honetaz bizitzea oso gaitza delako, kasik ezinezkoa. Profesionaletara heltzea amets bat da, baina ametsa lortzen saiatuko naiz.

Zein da zure erreferentea?
Adibidez, Eneritz Iturriaga. Italiara joan zen, eta han beste era batean bizi da txirrindularitza. Baina bera lez, ametsa errealitate bihurtu duen beste edozein ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!