Merkatari batzuk aparkalekuen proiektua "azkartzeko" eskatu dute

Anboto 2014ko eka. 27a, 19:59

Juan Luis de Dios merkatarien izenean berba egiten
Gaurko udabaltzarrera hainbat merkatari etorri dira. Adierazi dutenez, ez zetozen Dendariak elkartearen izenean eta ez inongo alderdi politikok bultzatuta. Aparkatzeko zein mugikortasun aldetik herrian dauden arazoei irtenbidea emateko sortu den plataforma berri bateko ordezkaritza lez etorri dira.

 

Aurretik, arazoa konpontzeko lau ekintza proposatzen dituen idatzia aurkeztua zuten udaletxean; 180 merkatarik sinatu dutela adierazi du Juan Luis de Dios merkatariak, alegia, “herrian erroldatuta dauden merkatarien ia %50ak”. Azpiri eta Nafarroa Zentroko aparkalekuen egitasmoa “azkartzeko” eskatzen dute puntu batean. Era berean, bizilagunen, merkatarien eta erakundeen arteko “eztabaida proaktiboa sustatzea” proposatzen dute eta baita aparkaleku beharrizen azterketa bat egin ondoren “irtenbide pertsonalizatu eta adostuak” bilatzea ere. Azkenik, Zelaietako parking-ari irtenbide bat bilatzea eskatzen dute.

David Latxagaren esanetan, “ulertzen dut ezinegona, eta delegaritza batek batzarra eskatu balit gustura emango nituzke azalpen denak. Azken urteetan herria eraldatzen ari gara eta onerako gure ustez. Bizitza kalitate gehiago bilatzen dugu. Baina datuak ere batu ditugu eta, gaur egun, herrigunean edo handik gertu orain hamabi urte baino 506 aparkaleku gehiago daude”. Ondoren, udalbatzarraren ostean merkatari horiekin batzartzeko prestutasuna erakutsi du alkateak eta merkatariek gonbita onartu dute. Ordubete inguru iraun du batzarrak. Aparkalekuak martxan ipini eta handik aste batzuetara balorazio bat egitea adostu dute, zer dagoen ondo eta zer hobetu daitekeen ikusteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!