Doako aparkaleku berriak erregulatzeko ordenantza onartu dute

Anboto 2014ko eka. 27a, 20:00

Ixer-eko aparkalekua
Emendakinen epea hasiko da orain. Ixer-en, Nafarroa Zentroan eta Betarraganen daude aurreikusita aparkalekuak.

 

Gaur goizeko udalbatzarrean behin behineko onarpena eman diote aparkaleku publikoen erabilera arautzeko ordenantzari. Orain emendakimen epea hasiko da eta horiek aztertu ostean emango diote behin betiko onarpena. Baina pausu administratibo horrez gainera, aparkalekuen gaiak beste gertaera bi utzi ditu gaurko batzarrean. Batetik, Bilduk udalbatzarra uztea erabaki du EAJgaz "haserre eta suminduta" dagoela adieraziz eta iluntasuna eta elektoralismoa leporatuz. Bestetik, hainbat mekatari udalbatzarrean izan dira, aparkalekuak ahalik arinen ireki daitezen eskatzeko. 

Udalbatzarraren ostean, David Latxaga alkateak ordenantzaren edukia azaldu du eta aparkalekuen gaineko xehetasunak eman ditu. Proiektuagaz komertzioa sustatzea dute helburu eta erosleei erosketak egin ahal izateko baliabideak eta erraztasunak eskaini gura dizkiete. Hiru aparkaleku egingo dituzte: Ixer-en (domeketako merkatua egiten den tokian), Nafarroa Zentroan eta Betarraganen. Hirurak doakoak izango dira. Ixer-en eta Nafarroa Zentroan txandakako sistema  ezarriko dute, aparkatzeko plazak jariakortasunez erabili daitezen.

Ixer, egunez erosleentzako eta gauez bizilagunentzako

Ixer-en kasuan, astelehenetik barikura (07:00etatik 22:00etara) eta zapatuetan (07:00etatik 15:00etara) egongo da zabalik eta 146 plaza izango ditu. Gehienez hiru orduz aparkatu daiteke eta, behin irtenda, ezingo da berriro sartu ordu bi joan arte. Zapatuetan, 15:00 baino lehen, aparkalekuak hutsik geratu beharko du, domeketako merkaturako prestaketa lanengatik. Gauetan autoa aparkalekuan utzi daiteke, baina atea itxita egongo da; 22:00etatik 07:00etara ezingo da autorik sartu edo atera. Beraz, aparkatzeko gehienezko tartea hiru ordukoa denez, autoa 21:00etan sartzen duenak hurrengo eguneko 09:00 baino lehen atera beharko du; hau da, txandakako sistemak ez du gauez funtzionatuko. Horrela, bizilagunei gauez bertan aparkatu ahal izateko aukera eskainiko diete. Aparkalekua 3.500 kilotik beherako autoei bideratuta egongo da.

Nafarroa Zentroa, egunero zabalik eta gauez itxita

Nafarroa Zentroak pisu biko aparkalekua du lur azpian. 25 plaza dituen goialdekoa erabiliko dute egitasmo honetan. Egunero egongo da zabalik, astelehenetik domekara, baina egunez bakarrik. Gauez itxi egingo dute: “Ez da zaintzailerik egongo garestiegia izango litzatekeelako eta, zerbait gertatu ostean damutu baino, nahiago dugu zuhur jokatu”, adierazi du Latxagak. Bestela, txankako sistema Ixer-eko berdina izango da.

Aparkaleku bietako kudeaketa hori guztia, sistema elektroniko eta informatiko batek gauzatuko du. Autoak sartzera doazenean, sarreran kokatutako makina batek argazkia aterako dio autoari eta matrikula zenbakia gordeko du; gauza bera egingo du autoa irteten denean eta orduan egingo ditu kalkuluak. Arau-hausteren bat badago, programa informatikoak isuna erregistratuko du: isunak 20 eurotik 100 eurora artekoak izango dira.

Epeei dagokionez, Ixer eta Nafarroa Zentroko aparkalekuak uda ostean erabilgarri egon daitezkeela uste dute. Ixer-eko moldaleta lanak abuztuan egitea da asmoa, ez delako merkaturik egoten. Betarraganeko aparkalekuak gehiago itxaron beharko du eta azarorako irekitzea gura dute; 42 plaza izango dituela kalkulatu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!