EAJri “iluntasuna eta elektoralismoa” egotzi eta udalbatzarra utzi egin du EHBilduk

Anboto 2014ko eka. 27a, 19:00

EHBilduko zinegotziak euren eserlekuetatik altxatzen hasi diren unea
EAJgaz “haserre eta suminduta” egoteko arrazoiak adierazi ostean, EHBilduko zinegotziek udalbatzarra uztea erabaki dute.

 

“Suminduta eta haserre gaude. Gai bat edo bestea izan istorio bera errepikatzen dela ikusita, ez ohiko erabaki bat hartzera behartuta gaude. Ez gaude gure lanarekiko eta ordezkatzen ditugun herritarrekiko errespetu falta gehiago onartzeko prest”. Hori esanda, EHBilduko zinegotziek aulkietatik altxatu eta udalbatzarra uztea erabaki dute, ordenantzaren gaineko bozketa egin baino lehen.

Aurretik euren suminaren arrazoiak azaldu ditu Urko Lopez zinegotziak. Batetik, uste du EAJk bere egin dituela aparkaleku berrietako merituak: “EAJri min ematen dio EHBilduren ideiak eta esfortzuak publikoki onartzeak”. Bestetik, alkatetzak herritarrekin antolatutako batzarretatik kanpora uzten dituztela salatu du.

Aparkalekuen ideia aspaldikoa dela erakusteko udalbatzar edo batzordeetako aktetara jo du.  2012ko hirigintza batzordean EHBilduk galdetu zuen domeketan merkatua egiten den gunea zergatik ezin zen astegunetan aparkaleku lez erabili. Ondoren, 2013ko udalbatzarrean Ibai Gallastegi EHBilduko zinegotziak eskaera errepikatu eta Nafarroa Zentroko aukera ere mahaigaineratu zuen: “EAJk bere egin du ideia, batzordeetatik kanpoko negoziazioen fruitua izango balitz moduan. Prentsara jo du batzordeetan gaiak itzi aurretik; kasu batzuetan ez dira batzordeetatik pasatu. Tristeki, ohituta gaude maniobra partidista hauetara. Ez dugu ikusten ez seriotasunik lanean eta ez errespeturik EHBildurekiko”.

Errespetu falta hori behin  baino gehiagotan errepikatu dela salatu du eta horregatik halako haserrea: “Ohiko batzordeetatik kanpora, gaiak bere gustura adosteko batzar sekretuak —deitu ‘batzar diskretuak’ gura bada— antolatu dira alkatetzatik”. EAJ eta PSEko ordezkariek Zubizabalarrako bizilagunekin geltokiko igogailuaren harira egindako batzarra ipini du adibide lez: “Bizkarra eman digu, gure alderdiaren aurkako jarrera argi utziz”. Berba bitan laburbilduz “iluntasuna eta elektoralismoa” leporatu dizkio EAJri: “Lehenengo aparkalekuak kendu eta pribatizatu (Zelaietakoa) ditu herrian arazoa sortuz eta orain  konponbidearekin agertzen da; hori bai, merkatari eta ostalariek euren negozioak itotzen dituen aparkaleku falta salatzeko mobilizatu ondoren”.

Azkenik, argi utzi gura izan du ordenantzarekin “ados” daudela eta “baiezkoa” ematen diotela “herritarren eta merkatarien eskaerei kasu egingo zaielako”.

EAJ: “Ideien debatean sartu baino nahiago dute ihes egitea”

David Latxagari “show” bat iruditu zaio EHBilduren jarrera. Alkatearen ustez, “EAJk badu herri eredu bat landuta eta datuak esku artean etorri gara udalbatzarrera; EHBilduk, ordea, ez du ideien edo herri ereduen gaineko eztabaidarik gauzatu nahi”. Denekin ondo geratu nahia leporatu dio EHBilduri: “Ezin dena egin da merkatarien eskakizunei baietza eman eta ondoren,  ostalari bat datorrenean, hari ere denean arrazoia eman. Izan ere, sarritan kontrako eskakizunak dituzte; batzuek aparkaleku gehiago gura dute eta besteek oinezkoentzako gune gehiago eskatzen dituzte. Ezin da denekin ados egon uneoro. Kriterio propioa behar dute. Hori planteatu behar nien udalbatzarrean, baina ideien eztabaidan sartu baino gurago izan dute ihes egitea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!