Materia organikoa birziklatzeko edukiontziak ipini dituzte herriko erdigunean

Anboto 2014ko mai. 5a, 14:27

Juan Mari Ugalde zinegotzia, David Latxaga Alkatea eta Nekane Etxebarria ekimeneko koordinatzailea
Erdigunean ipinitako azken 9 edukiontziekin, herrigune osoan daude materia organikoa birziklatzeko edukiontziak; guztira, 40. Apirilean 7.430 kilo materia organiko jaso zituzten.

 

Herrigune osoa materia organikoa jasotzeko edukiontziz hornitzeko 'Ongi etorri' egitasmoa bost fasetan gauzatu du udalak, iazko urritik hona. Azken fase honetan bederatzi edukiontzi ipini dituzte erdigunean. Hauek dira edukiontzien kokapenak:  Harrison kalea, Luis Urrengoetxea 8, Karmen 23, Konbenio 7, San Migel 9, Txiki Otaegi 4, Gudari 7, Ibaizabal 1 eta Nafarroa 5.

Beraz, erdiguneko biztanleek izena eman eta materia organikoa jasotzeko kit-a jaso besterik ez dute materia organikoa birziklatzen hasteko. Horretarako, beharrezkoa da Herriko Plazan, udal bulego teknikoaren eraikinean, dagoen Informazio Bulegotik igarotzea astelehenetan (9:30-13:30 eta 15:30-17:30) edo ostegunetan (9:30-13:30) eta eskaera orria betetzea.

Aurreko hedapen prozesuetan bezala, Zornotzako Udalak saio informatiboak eta informazio puntu ibiltariak antolatu ditu herritarrek materia organikoa egoki bereizten ikas dezaten. Saio informatiboak Zelaieta Zentroan egingo dira, maiatzaren 9an eta 30ean. Hogei minutuko saioak dira, euskara eta gaztelera tartekatuz. Saioak amaitzean izena emateko eta kit-ak jasotzeko aukera izango da. Informazio puntu ibiltariak, berriz, maiatzaren 23an (16:00-20:00) eta ekainaren 7an (10:30-13:30) jarriko dira Zelaieta parkean. Bertan, ingurumen teknikari baten laguntzarekin, herritarrek organikoaren inguruko zalantzak argitzeko aukera izango dute. Era berean, herritarren zalantzak argitzeko udalak www.ongietorri.info web orrialdea mantenduko du. Bertan herrian daude edukiontzi guztien kokapena jasotzen duten mapak aurkitu daitezke.

Gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, Zornotzan 800 familiak erabiltzen dute materia organikoen edukiontzia. Iazko azaroan 900 kilo materia organiko batu zituzten eta aurtengo apirilean kopuru hori 7.430 kilora igo da. Kopuru horiek “asko hastea” espero du David Latxaga alkateak, erdigunean bizi delako herritar gehien.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!