Mikel Inunziaga, 'Inun': “Diskoagaz zabalduko den bidea egiteko gogotsu nago”

Anboto 2014ko mai. 5a, 12:00

‘Berreginez’ bere lehenengo diskoa aurkeztuko du Mikel Inunziaga ‘Inun’ (Zornotza, 1983) musikariak maiatzaren 7an, Bilboko Kafe Antzokian.

 

Zer sentipen sortzen dizu diskoaren aurkezpenak?
Sosegu eta zirrara sentipenak dauzkat aldi berean. Sosegua, azken hilabeteetan buruan izandako ideia azkenik kaleratu egin dudalako. Eta zirrara, diskoagaz zabalduko den bidetxoa egiteko gogotsu nagoelako.

Aurkezpen kontzertua Bilboko Kafe Antzokian eskaintzea berezia da zuretzat?
Oso. Kafe antzokia euskal kulturaren gune erreferente bat da. Bertan kontzertu bat egiteko aukera izatea ederra da niretzat.

Aspalditik diharduzu musikari lotuta. Zergatik ez duzu orain arte diskorik atera?
Kasu handia egiten diot senari. Nahiz eta proiektu ugaritan sartuta egon naizen, ez nuen diskoaren ideia argi ikusten. Aurreko urteko uztailean, ordea, senak esan zidan ordua zela disko bat kaleratzeko. Beraz, lanean hasi nintzen Berreginez nire lehen diskoa lantzen.

Gitarraz eta ahotsaz gainera, zure kanten oinarri erritmikoa zeuk egiten duzu (loop-agaz grabatuta). Orain arteko ibilbidean ere jardun izan zara horrelako baliabideekin?
Ez. Orain arte nire kontzertuak taldean edo bakarlari gisa egin ditut. Bakarrik nengoenean gitarra akustikoarekin egiten nituen, inolako pedalen laguntzarik gabe. Loop pedala ezagutu eta maitemindu egin nintzen. Grabazioan erabili nuen, eta kontzertuetan ere badarabilt.

Zelako esperientzia izan da grabaketa zuzenean egitea?
Benetako erronka izan da. Looper horietako bategaz, danbor elektronikoagaz eta hainbat oihartzun mota egiten dituen pedal bategaz egin nuen zuzenean. Kontzentrazio handiko hiru egun zoragarri izan ziren.

Diskokoak pop kantak direla irakurri dizugu. Esparru zabal horretan zer ñabardura dute zure kantek? Zer eragin?
Egia esan, eraginak aipatzen hasiko banintz, zerrenda luzeegia osatuko nuke. Hiru izen eta hiru arrazoi aipatuko ditut: John Mayer, gitarra akustikoa jotzeko duen maisutasunagatik; Jorge Drexler, kantak eta erritmoak egiteko duen eragatik; Kerobia, hizkuntza eta melodia uztartzeko duen gustuagatik.

Disko honetako kanten letrak zeuk idatzirikoak dira?
Orokorrean bai, baina laguntza ere izaten dut. Iñaki Mendizabal kazetari eta idazlea laguna dut, eta berak ere hitzak egiten dizkit. Disko honetan, adibidez, lau kantaren hitzak bereak dira.

Maiatzaren 7ko Bilboko kontzertuaren osterako baduzu besterik hitzartuta?
Bai. Maiatzaren 9an, Areatzan joko dut; 21ean, Bilbon ariko naiz berriro; eta 30ean, Zornotzan. Gero, ekainerako ere baditut data batzuk finkatuta.

Diskoa eskuratu gura duenak non erosi dezake?
Momentuz maiatzaren 7an Bilboko Kafe Antzokian, 5 eurorekin sarreraz gainera, diskoa ere emango da eta. Hortik aurrera Facebookeko Inun orrialdean zehaztuko dut horren inguruko informazio guztia.

Hilabete honetan Almeriako jaialdi batean parte hartu duzu. Lehenago Kuban ere jo izan duzu. Baduzu Berreginez lanagaz Euskal Herritik kanpo aritzeko asmorik?
Nire lana euskaldunei bideratua dago. Hala ere, horrelako ateraldiak oso aberasgarriak izaten zaizkit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!