Asier Bilbao, kontsumo taldeko kidea: “Kalitatezko produktuak kontsumitzea da gure helburua”

Anboto 2014ko mar. 23a, 09:00

Asier Bilbao zornotzarra 2012tik da kontsumo taldeko kidea. Taldearen helburu nagusia da Iurretako nekazariek sortutako produktu agroekologikoei bultzada ematea, eta kalitatezko produktuak kontsumitzea.


Lehenik eta behin, azaldu iezaguzu apur bat zer den agroekologia.
Agroekologia, nolabait, ekoizpen metodo jasangarrietan eta transgeniko bakoetan oinarrituta dago. Orduan, horrela ekoizten den edozein janari –hau da, barazkiak, frutak, okela eta esnekiak, adibidez– agroekologia horren barruan sartzen da. Nahiz eta gehienak barazkiak izan, beste hainbat produktu ere hartzen dira aintzat.

Kontsumo taldearen ideia noiztik dator?
2012an Zornotza Eraldatuz taldea hasi zen ekimen hau bultzatzen. Herrian hainbat kartel jarri, eta deialdi ugari egin ziren. Apurka-apurka martxan jarri, eta 2012ko urrian bederatzi familia elkartu ginen, proiektu hau abian ipintzeko. Ordutik hona, kontsumo taldea hasten joan da, eta orain hemezortzi familia elkartzen gara.

Zertan datza proiektua?
Azken batean, taldearen oinarria otzarak dira, eta baserrian dagoenaren arabera prestatzen dizkigute. Beraiek aste horretan hartutako jakiekin betetzen dizkigute otzarak. Barazkiez gainera, bestelako produktuak ere edukitzen dituzte salgai. Filosofia antzekoa duten beste baserritar edo kooperatiba batzuekin kontaktuan jartzen dira, eta, horrela, beste zenbait produktu erosteko aukera izaten dugu; esaterako, oilaskoa, gazta, jogurtak, ogia eta arrautzak. Produktu horiek ez ditugu hartzen asteroko otzaretan, baina erosteko aukera izaten dugu.

Nolakoa da funtzionamendua?
Astean behin, herriko plazan elkartzen gara nekazari eta kontsumo taldeko kideok. Astean ordubete edukitzen dugu gure produktuen bila joateko. Martitzenero, arratsaldeko 19:30etik 20:30era egiten dugu asteko banaketa. Otzarak barazkiz beteta joaten dira astetik astera. Nekazariek ortuan edukitzen dutena jartzen digute, eta, horrela, sasoian sasoiko jakiak jaten ditugu. Barazki horietaz gainera, beste zenbait produktu erosteko aukera ere izaten dugu.

Proiektuaren barruan ez dagoenak produkturik erosi dezake?
Ez, azken batean, konpromiso bat eskatzen dugu. Nekazariek ezin dute egun batetik bestera beraien produkzioa igo edo jaitsi. Taldean egon nahi duenak hiru hilabeteko proba aldia pasako du, eta, gustura egonez gero, urtebeterako konpromosioa hartuko du. Hiru hilabete horiek balio dute norberak zenbat produktu behar duen zehazteko. Beraz, taldean izena eman nahi duenak aski du martitzen batean herriko plazatik pasatzea, edo, bestela, nekazariarekin harremanetan jartzea: alaznentzat@gmail.com.

Zein da taldearen helburua?
Helburua ahalik eta talde handiena sortzea da, oraingoz nekazariek badutelako gaitasuna familia gehiagoren beharra asetzeko. Bestalde, beste herri batzuetan sortu daitezkeen taldeentzako eredu izatea gustatuko litzaiguke. Gainera, guk nahi dugu jendea konturatzea gure kontsumo ohiturek gizartean eragin handia daukatela.

Alde onak eta txarrak izango ditu kontsumo taldeak.
Alde onak produktu agroekologikoak eros daitezkeela da, hau da, kalitatezko produktuak, beste zenbait dendatan lortu ezin daitezkeenak. Horretaz gainera, baserritarrei laguntza zuzen bat ematea lortzen da, baserritar eta erosleon artean harreman zuzen bat lortuta. Eta, azkenik, bertako produktuak direnez eta bide luzerik egin behar ez dutenez, ingurumena zaintzeko aukera dago. Alde txarra, berriz, gure kontsumo ohituretatik datorrela uste dut; azken batean, produktu jakin batzuk urte osoan kontsumitzera ohituta gaude, eta kontsumo taldeak sasoian sasoikoa jatera behartzen gaitu.

Bukatzeko, inoiz ez zaizu bururatu Zornotzan ortu agreokologiko bat ipintzea?
Taldeko batzuen helburua ortu propioak sortu, eta bertan gauzak egitea zen. Baina zailtasun ugari topatu ditugu horrekin aurrera jarraitzeko. Proiektua ez dago alde batera utzita, baina, momentu honetan, apur bat geldituta dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!