"Hasieran amesgaiztoak egiten genituen otzarak ez betetzearekin"

Anboto 2013ko aza. 8a, 13:43
Jon Bereziartuak Orozketan bertan, eta Alazne Intxauspek Andoainen, biek ikusi dute txikitatik baserriko lana zer den. Gaztetxoagotan ez zuten orturako afizio handirik, baina orain bizibidea ortuan topatzea erabaki dute. Buru-belarri dabiltza Bereziartuaren familiako baserrian. Nekazaritza ekologikoan ereindakoa otzaren bidez banatzen dute

Jon Bereziartuak Orozketan bertan, eta Alazne Intxauspek Andoainen, biek ikusi dute txikitatik baserriko lana zer den. Gaztetxoagotan ez zuten orturako afizio handirik, baina orain bizibidea ortuan topatzea erabaki dute. Buru-belarri dabiltza Bereziartuaren familiako baserrian. Nekazaritza ekologikoan ereindakoa otzaren bidez banatzen dute.

 

Biok zarete izatez baserrikoak.

Alazne Intxauspe: Gurasoei esan nienean hemen baratzea jarri behar genuela, esan zidaten: “Bizi guztian ez duzu tomate bat hartu , eta orain zer egin behar duzu!” Ama-eta ikusi ditugu lanean, baina egin, guk ez dugu ezer egin.

Jon Bereziartua: Hamalau-hamabost urtegaz abuztuan patata ateratzea! Hori izan da ortuko nire oroitzapena. Txarra, gainera.

 

Bada, bueltan etortzea erabaki duzue...

A.I.: Bai, denborarekin ikusmoldea aldatzen zaizu. Gazteagotan dena zen parranda kontua. Baina honezkero lan munduan ibili gara, eta gauzen kontzienteago gara, eta supermerkatura joan eta zer dagoen ikusten dugu. Gauzak modu honetan egin ote daitezkeen pentsatzen hasten zara.

J.B.: Gero jendeak esaten digu atzera joatearen parekoa dela hau. Osabak-eta justu kontrakoa egin zuten, enpresara joan ziren baserria utzita.

A.I.: Niri amak esan zidan bizi osoa ikasten igaro, eta ea orain baratzera joan behar ote nuen. Eurek horrenbeste esfortzu egin zuten handik ateratzeko, eta orain hasi ziren lekura bueltatu gara...

J.B.: Gero, denetik dago. Hemengo baserriko osabak esan zidan: “Atzerantz zer edo zer egin beharko da, bestela ezin da horrela segitu”.

 

Gazte batzuk badabiltza baserrira hurreratzen.

J.B.: Hor EHNE Bizkaiak kriston lana egin du. Formakuntza eta babes handia eman digute hasieratik.

 

Ortuagaz hasi eta gutxira hasi zineten otzarekin.

A.I.: Hasieran pixka bat lotsatuta joaten ginen, baina jendeak hasiberriak ginela ikusten zuen, eta oso ondo ulertzen zuen. Lehengo urtean porruak nire atzamar erakuslearen erdia lakoak ziren, ez ziren hazi, haiekin ezin porru-patarik egin. Baina ondo: zartaginean prestatu, eta oso finak zirela esaten ziguten.

J.B.: Oso ondo ulertu dute hasten gabiltzala, eta jendearen babesa itzela izan da: “Zuek segitu, e? Segitu horrela! Porruak, oso gozoak egon dira!”

 

Gaiagaz oso kontzientziatuta dagoen jendea izango da.

J.B.: Nahiko talde heterogeneoak dira. Batzuek garbi jan gura dute, eta badakite produktua oso garbia eta ona dela. Beste batzuen arrazoia politikoagoa da, baserria berpiztea eta elikadura burujabetzaren alde egin gura dute.

 

Porruez gainera, zelakoa izan da orain arteko uzta?

J.B.: Iaz uda erdian ur putzua sikatu egin zitzaigun, eta ur barik geratu ginen. Uzta erdia galdu genuen. Aurten kontrakoa, udaberria oso euritsua izan da. Baserritarrek esan digute horrelakorik ez dela pasatu hogeita hamar urtean. Guretzat aurreko urtea deskalabru hutsa izan zenez, udaberrian hasi ginen lehenengo uzta hartzen, eta ez zen hain txarra izan. Zer edo zer irten zen, behintzat! Orduantxe hasi ginen otzarak ederto betetzen. Hasieran, gauetan amesgaiztoak ere egiten nituen, otzarak bete ezinik... Oso gogorra izan zen.

 

Otzarek kontsumo ohiturak aldatzea esan gura dute.

J.B.: Normalean platera pentsatzen dugu lehenengo, eta gero pentsatzen dugu zer erosi. Orain, antzinako moduan, ortura joan, eta dagoena hartzea da kontua, gero janaria prestatzeko. Hori apur bat kostatu egiten da, jendeari otzaran dagoen guztia ez zaio gustatzen...

A.I.: Neguan, batez ere. Tomateak, piperrak, letxugak... gehienoi gustatzen zaizkigu. Orain borraja, txikoria, aza... hasiko dira, eta negu osoan iraungo dute. Batek esan zigun aza pizzari bota ziola, likidotu egin zuela: Denetik ia. Askok esan digute ez dakitela otzarako gauza batzuk zer diren. Sekula probatu gabeko gauzak deskubritzen ari dira.

 

Oilategia ipini duzue, erlauntza ere bai...

A.I.: Geroago eta jenero gehiago jartzea da asmoa. Mermeladak, barazkiak eta arraultzak eskaintzen ditugu, eta Nekasareko beste produktore batzuren produktuak ere bai.

 

Zuek ere otzaretakoa jango duzue...

A.I.: Bai. Beno, otzaratik sobratzen dena! Baserritar on guztien bezala. Onena otzaretara doa. Guretzako pixka bat jandako aza, itxura txarreko azenarioa... Itzela da bazkaltzen egon, eta platerekoa zeuk egindakoa dela ikustea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!