Seme-alabak errespetuan, enpatian eta berdintasunean zelan hazi azalduko du, eta, iragarri duenez, berbaldia "praktikoa" izango da, "ez klase magistral bat". "Gurasoak eta, oro har, haurrak eta nerabeak hezten dituzten pertsona guztiak daude gonbidatuta. Ez da aldez aurretik ezer jakin behar; nahikoa da galderak eta kezkak ekartzea", iragarri du.
Seme-alabak hezterakoan, badago normaltzat jotzen dugun baina indarkeriarako ateren bat zabaltzen duen jarrerarik?
Bai, eta horiexek dira arriskutsuenak, hain zuzen ere, ez ditugulako indarkeria legez ikusten. Indarkeria ez da ezerezetik sortzen: sozializazio prozesu baten emaitza da, mutilei edukitzen eta menderatzen irakasten diena, eta neskei zaintzen eta amore ematen. Asko gustatzen zaigu Marcela Lagardek planteatzen duen moduan azaltzea: gizonak boterean haziak dira eta emakumeak, ostera, desboterean. Hau da, mutilak espazioa okupatzeko, erabakitzeko eta protagonista izateko hezten dira; neskak, ostera, bigarren mailan geratzeko, amore emateko eta dagokiena ez erreklamatzeko. Hori guzti hori txikitatik hasten da, egunerokoan, ia ohartu barik.
Ipini dezakezu adibide bat?
Adibidez, desberdin erreakzionatzea lurrera jausten dena neska edo mutila bada. Mutilari "ez da ezer, zu indartsua zara" esatea, eta neskari, ostera, besarkada bat eta babesa ematea. Mutilei emozioak ezkutatzen irakasten diegu, eta neskei hauskortasuna indartzen. Beste adibide bat maitasun erromantikoa da: "Maitasunak dena gainditzen du" kontzeptua, laranja erdiaren mitoa... mito horiek kontrola eta maitasuna nahasteko bidea zabaltzen dute. Baimen kontuekin ere ikusi dezakegu desberdintasun bat baino gehiago. Adibidez, alabari ordutegi zorrotzagoa ipintzea eta semeari askatasun handiagoa ematea. Bestetik, nesken hipersexualizazioa dago. Bularrik ez duten adinetan, betegarridun bikiniak, makillajea, takoiak eta edertasunera bideratutako arreta hauspotzen dira. Mutilen artean, ostera, indarra eta lehiakortasuna. Alde horretatik, gure berbaldiak alde biak hartzen ditu: alabak indarkeriaren biktima ez izateko gakoak eta semeek indarkeria ez erabiltzeko gakoak. Ez dagoelako biktimarik biktimariorik barik, eta hor ipini behar dugu fokua. Prebentzioa ez da bakarrik neskak babestea; mutilak indarkeriarik barik heztea ere bada, eta hori askotan ahazten zaigu.
Zeintzuk dira joera horiek ekiditeko irizpide eta teknikak?
Gakoa hezkidetza da. Eta ez neskak eta mutilak elkarregaz heztea bakarrik, baizik eta benetako berdintasunean heztea, genero-estereotipoak desmuntatuta. Lehenengo hezkidetza-gunea familia da: seme-alabek ikusten dutena ikasten dute, ez esaten zaiena. Mezua ez da teoriaren bitartez heltzen, ereduaren bitartez baino. Alde horretatik, zer egin dezakegu etxean? Etxeko lanak eta zaintzak berdintasunez banatu ditzakegu. Nork prestatzen duen janaria, nork konpontzen duen apurtutakoa, nork hartzen dituen erabakiak. Era berean, emozioak generoak baldintzatu barik irakatsi daitezke: denok sentitzen ditugu emozio guztiak, denak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak, eta horiek denak legitimatu behar ditugu. Txiste eta iruzkin sexistarik ez egitea, eta ez onartzea. Kontsumitzen dituzten telesailak, abestiak, jokoak eta sareak elkarregaz eta begirada kritikoz ikustea; eta emakumezko erreferenteak ezagutaraztea kirolean, zientzian zein kulturan. Berbaldian tresna praktiko bat ere emango dugu: harremanen semaforoa. Familiek eta seme-alabek eguneroko adibideak komentatzen dituzte eta berdean (tratu ona), horian (kontuz!) edo gorrian (indarkeria) kokatzen dituzte.
Zelan bateratzen da etxe barruko hezkuntza prebentibo hori gero umeak kalean topatuko duen giro orokorragaz?
Ezin dugu kaleko giroa kontrolatu, eta ez da hori helburua. Etxeak tresnak ematen ditu: begirada kritikoa, autoestimua, emozioak izendatzeko gaitasuna, eta, batez ere, konfiantza gune bat. Kriminologia feministatik argi dugu prebentzioa ez dela familia bakoitzaren ardura soilik; komunitatearena da. Familiak, ikastetxeak, aisialdi taldeek, kirol taldeek eta erakundeek norabide berean lan egin behar dute. Zaldibarren bertan antolatutako berbaldi hau horren adibide da.
Sare sozialek zer rol dute indarkeria horietan?
Sare sozialek ez dute indarkeria sortzen, baina handitu, azkartu eta ezkutatu egiten dute. Nerabeen arteko genero-indarkeriaren ezaugarri nagusietariko bat teknologiaren bidezko kontrola da: bikotekidearen mugikorra baimenik barik berrikustea, kokapena partekatzeko exijitzea, pasahitzak "konfiantza-froga" legez eskatzea, etenbako mezuak eta "zergaitik ez didazu erantzun?" lako galderak. Gazte askok ez dute hori indarkeria legez identifikatzen, maitasun edo arduraz mozorrotuta heltzen delako. Gainera, online eta offline bizitza guztiz konektatuta daude: sareetan gertatzen dena bizitza errealean bizi eta sentitzen da, eta kanpoan dagoen matxismoak ugaltzeko modu berriak aurkitzen ditu ingurune digitalean, hala nola etenbako kontrola, bikotekidearen esposizioa edo baimenik barik irudiak zirkulatzea. Gainera, sareetan matxosfera, gorroto-diskurtsoak eta pornografia aurkitzen dute, askotan bilatu ere egin barik, algoritmoak eskaintzen dizkielako. Pornografia, hezkuntza sexualik ezean, sexu-hezitzaile bihurtzen da, eta indarkeria eta desberdintasuna erakusten ditu desira legez.
Ikusten duzue eduki sortzaile, influencer eta youtuber maskulinoen eraginik?
Manosfera deritzon fenomenoak kezkatu egiten gaitu. Mutil gazteei zuzendutako edukiak dira, gizontasun eredu jakin bat saltzen dutenak (arrakasta, dirua, indarra, emozioak ezkutatzea, lehiakortasuna) eta sarritan feminismoa mehatxu legez aurkezten dute edo emakumeak gutxiesten dituzte. Eduki horiek indargune bat dute: ez dira ideologia legez aurkezten, entretenimendu legez baino: umorea, hurbiltasuna eta "egiak" esaten dituzte afirmazio modura. Horregaitik ailegatzen dira hain erraz eta horregaitik dute hainbesteko eragina. Eta bai, atzerapausoak ekarri ditzake; dagoeneko horrelakoak ikusten gabiltza. Espainiako 2025eko Gazteriaren eta Generoaren Barometroaren arabera (Reina Sofia zentroaren ikerketa), 15etik 29 urtera arteko mutilen %25,6 ados daude “genero-indarkeria ez da existitzen, asmakizun ideologiko bat da” baieztapenagaz; 2019an %11,9 ziren. Eduki horiek ikusteko, debekuak bakarrik ez du balio. Hobe da edukiok elkarregaz ikustea, galdetzea ("zer iruditzen zaizu?", "zelan sentituko litzateke zure ahizpa hori entzunda?") eta pentsamendu kritikoa lantzea. Eta mutilei beste erreferente batzuk eskaintzea: zaintzen duten, emozioak adierazten dituzten eta berdintasunean bizi diren gizonak.
Telefono mugikorra adinean "atzeratzea" lagungarri izan daiteke?
Lagundu dezake, baina atzeratzea baino garrantzitsuagoa da seme-alabei laguntzea. Mugikorra noiz eman baino gehiago, zelan ematen dugun da gakoa. Adibidez, beste familiekin eta ikastetxeagaz ados ipintzea, haurrak mugikorrik bako ume 'bakarra' izateko presioa arintzeko. Lehenengo mugikorra mugekin eta familia-akordioekin ematea: ordutegiak, logelan gauez pantailarik ez, zer aplikazio erabili daitekeen eta zergaitik. Konfiantza guneak eraikitzea ere inportantea da: "Zerbait arraroa ikusten baduzu edo norbaitek presionatzen bazaitu, kontatu; ez zaitut zigortuko" esatea edo telefono mugikorraren erabileran gu geu ere eredu izatea.
Gurasoek zelan detektatu dezakete seme-alabak halako egoera bat bizitzen ari diren?
"Umeen arteko kontuak dira" eta modu horretako esaldiek bihurtzen dute, hain zuzen ere, indarkeria ikusezin. Genero-indarkeriaz berba egitean bikote heldu bat izaten dugu buruan, baina nerabezaroan ere gertatzen da, eta berezko ezaugarriak ditu: espazio publikoetan gertatzen da (institutua, parkea, plaza), teknologiaren bitartez kontrolatzen da, eta haustura-adiskidetzeak sarritan gertatzen dira. Gogo aldaketak gerta daitezke, tristura, beldurra, autoestimu txikia. Isolamendua ere bai, lagunengandik eta familiagandik urruntzea. Lo arazoak izatea eta errendimendu akademikoa jaistea...
Zelan jokatu behar du gurasoak indarkeria matxistaren prebentzioan, kontuan izanda bera dela umearen erreferentea eta umeak haren jarrerak erreproduzitu ditzakeela?
Gurasoak dira seme-alaben lehenengo influencerrak. Beraz, lehenengo pausoa norberari begiratzea da: zelan banatzen ditugu etxeko lanak eta zaintzak, zelan konpontzen ditugu gatazkak, zelan berba egiten dugu emakumeez eta gizonez, zertaz barre egiten dugu… Ez da perfektua izatea. Denok hezi gaituzte gizarte matxista batean, eta denok erreproduzitzen ditugu jarrera batzuk. Garrantzitsuena da akatsak onartzea eta seme-alaben aurrean zuzentzea: "Lehen esan dudana ez dago ondo, eta azalduko dizut zergaitik". Horrek ere hezten du, eta asko. Eta semeak indarkeria erabiltzen badu, ez kriminalizatu, baina ezta minimizatu ere. Ez du "tratu txarren emaile" etiketa behar, baina argi utzi behar zaio indarkeria erabiltzen dabilela, eta erantzukizuna berea dela, inoiz ez biktimarena. Muga argiak ipini, aitzakiarik ez onartu ("urduri nengoen", "probokatu egin ninduen", "mutilen gauzak dira"). Nerabezaroa ikasteko etapa da; oraindino garaiz daude euren jokabidea berriro hezteko. Helburua ez da zigortzea, baizik eta erantzukizuna hartzea eta indarkeria zikloa ez errepikatzea.
Zelakoa izango da berbaldia? Kasu praktikoak landuko dituzue?
Hitzaldi parte hartzailea izango da, galderekin eta elkarrizketagaz, ez klase magistral bat. Ama, aita eta, oro har, haurrak eta nerabeak hezten dituzten pertsona guztiak daude gonbidatuta. Ez da aldez aurretik ezer jakin behar; nahikoa da galderak eta kezkak ekartzea.