Zaldibarko jaiak

"Txupinazoa botatzea aukera ezin hobea da Zaldibarko herriari eskerrak emateko"

E.H./A.B. 2026ko uztailaren 1a

Hamadako Izarrak elkarteko arduradunak.

Hamadako Izarrak elkarteko ordezkariak eta ume sahararrak igoko dira aurten udaletxeko balkoira herriko jaietako txupinazoa botatzera, uztailaren 2an. Jai batzordeak elkartearen lana saritu gura izan du; urtero Saharako ume errefuxiatuak hartzen dituzte harreran eta Oporrak Bakean programagaz bat egiten dute, umeak Olazarren aterpetuta.

Zelan jaso duzue txupinazoa botatzeko gonbidapena?
Izaro Etxebarria: Bai, halaxe da. Gainera, ez genuen espero, ez gara-eta zaldibartarrak.
Garazi Etxebarria: Aldi berean, Zaldibarko herriari eskerrak emateko aukera ezin hobea ere bada. Zaldibar beti izan da harrera herri ona. 

Noiz jaio zen Hamadako Izarrak elkartea?
G.E.: 2015ean, eta 10 urte dira ume sahararrak ekartzen ditugula. Harreran ekarritako hirugarren ume taldearen azkena izango da hau, bosgarrena.
I.E.: 12 urte egingo dituzte eta kanpamentuetatik irteteko azken aukera dute.
G.E.: Aterpetxe formatuan egingo dugun azkena ere izango da.

Aurrerantzean, zein bideri jarraituko diozue?
I.E.: Ez dugu zehaztuta. Baina asmoa da Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan bertan ere zenbait proiektu garatzea. Etapa bat amaitu dugu, baina elkarteak lanean jarraituko du.
G.E.: Han daude beharrizan nagusiak. Aurtengoa urte berezia izango da, eta gogorra aldi berean. Datozen umeen azken urtea izango da eta normalean gogorra egiten zaie; gainera, aterpetxe formatuan egingo dugun azken urtea izango dugu, eta hasieratik gugaz aritu diren hezitzaile askoren azken urtea. 

Kontrako sentimenduak dituzue?
G.E.: Sentimendu gazi-gozoa dugu. Denon egoera pertsonala aldatu da eta ezin dugu orain arteko formatuan jarraitu. Etapa ondo amaitzeko moduan gaudela ikusita hartu dugu erabakia. Zaldibarren lau urte egingo ditugu aterpetxe legez.

Zelan hartu zaituzte Zaldibarren?
I.E.: Oso gustura gaude.
G.E.: Hasieratik erraztasun guztiak eman dizkigute, bai herritarrek bai udalak.

Zein da emango duzuen mezua?
G.E.: Umeak izango dira protagonista, hango arazo politiko baten ondorioz euren herrialdetik irteteko premia duten umeak. Saharan errefuxiatuen kanpamentu bat dagoela gogoraraztea da gure lana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!