Zaldibartik Sevillara Reala animatzera joanak, ondoren etxera bizikletan bueltatzeko

Ekaitz Herrera 2026ko apirilaren 17a

Jon Arrizabalaga eta Mikel Arrizabalaga aita-semeek argi erakutsiko dute, beste behin ere, ez daukatela mugarik. Aita-semeak Sevillan daude jada, eta Realaren eta Atletico Madrilen arteko finala ikusiko dute, bihar, Cartujako estadioan. Martitzenean ipiniko dira bizikleta gainean, sorterria belburu. 

Zaldibartarrak dira, aita-semeak, baita txuri-urdinak ere. Mikel Arrizabalaga eta Jon Arrizabalaga aita-semeak Sevillan daude, Realaren eta Atletico Madrilen arteko finala ikustera bertaratuta. Prest daukate dena. Kamisetak, partidurako sarrerak eta grina martxan, bihar Reala errime animatzeko: "Izan ere, txuri-urdinak gara. Betidanik txuri-urdin. Hori bai: Zaldibarren erdi ezkutuan mantentzen dugu hori!", adierazi du Mikel aitak txantxetan. "1987ko final hartan egon nintzen, Realak Atletico Madril garaitu zuen final hartan. Ea oraingoan ere garaipena lortzen dugun!", esan du aitak.

Aita-semeek trenez egin dute Euskal Herritik Andaluziarako bidaia, eta mezularitza bidez bidali dute jada ohikoa duten bidaia-laguna: tandem elektrikoa. "Jonek den-dena prestatu du partidua igarota Zaldibarrera bizikletan bueltatzeko. Etapa bakoitza, ibilbideko xehetasun bakoitza. Martitzenean irtengo gara hemendik etxerantz. Izan ere, finala ikusi ondoren, Apirileko Feriako inaugurazioa ikusteko eta tandemean Sevilla ezagutzeko aprobetxatuko ditugu egunak", iragarri du Mikelek.

Arrizabalaga aita-semeek sarritan egiten dituzte halako bidaiak elkarrekin, tandemean. Izan ere, Jonek neurofibromatosia du, eta  kirola egitea pasio duenez, familiako kideekin irteten du tandemean. Duela gutxi, lagunek eta gertukoek egundoko harrera egin zioten Joni Valentzia eta Zaldibar bizikletan lotu zituenean. Kirolak eta gaixotasunek mugarik ez daukaten seinale. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!