[BIDEOA]: Txalo zaparrada artean hartu dute zaldibartarrek Jon Arrizabalaga eta honen familia

Maialen Zuazubiskar 2026ko otsailaren 27a

27 urte egin bezperan merezitako ongi etorria jaso du Jon Arrizabalaga zaldibartarrak. Gazteak neurofibromatosi gaixotasuna du, hala ere, hau ez da oztopo bat berarentzat. 670 kilometro egin ditu bizikletan gurasoekin batera. 

Hunkigarria izan da oso gaur arratsaldean Zaldibarren gertatutakoa. Herritarrak kalera irten dira Jon Arrizabalaga eta haren familiari merezitako harrera egiteko. Gazte zaldibartarra eta honen gurasoak, Mikel eta Maria, Perafort (Katalunia) herritik Zaldibarrera bizikletan etorri dira; aste betean 670 kilometro egin dituzte. 

Jonek neurofibromatosia du eta gaixotasun honen eraginez, tumore onberak irteten zaizkio buruan. Hauek bere funtzionamenduan eragiten diote, eta honen ikusmena, entzumena eta oreka baldintzatzen diote. Hala ere, guzti hau ez da oztopo Jonentzat, bera ez dago etxean gelditzeko. "Kirola egitea izugarri gustatzen zaio eta sarritan irten izan gara tandemean. Duela gutxi Kataluniako Perafort herrian tandem elektriko bat enkargatu genuen. Eta joan zen astean genuen berau jasotzeko hitzordua. Berari otu zitzaion etxera bizikletan etortzea. Eta horrelaxe egitea erabaki genuen. Ibilbide guztia berak prestatu du. Jonek izugarrizko indarra du, motorra bizikletak beharrean berak dauka. Argi esan dit eguraldi ona egiten duen bakoitzean bizikletan irten behar dugula, eta horrelaxe egingo dugu", azaldu du Mikel Arrizabalagak, Jonen aitak. 

Hunkituta, hunkituta heldu dira hirurak eta horrelaxe egon dira Sorgin taberna aurrean batu diren zaldibartarrak ere. "Ez genuen horren beste jende espero, hau izugarria da. Oso eskertuta gaude, baina batez ere Jonei kuadrilakoie. Jonek munduko lagunik onenak ditu eta guri eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen", gaineratu du Mikelek. 

Argazkiak: Delfin Zubizarreta

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!