Lur-jausia Zaldibarren

EH Bilduk zabortegiko ardura subsidiarioa hartzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Ekaitz Herrera 2026ko martxoaren 27a

"Verter Recycling enpresa likidazio prozesuan dago, ez dauka asegururik eta ez du fidantza nahikorik egin beharreko lanei aurre egiteko. Hori dela eta, Jaurlaritzari eskatzen diogu bere gain hartu ditzala mantenu lanak", esan dute subiranistek, gaur, Eitzagan.

Ander Goikoetxea EH Bilduko legebiltzarkideak eta Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak agerraldia egin dute gaur Eitzagan, zabortegiko egoeraren harira. Enpresa titularra "auzian esku hartzen ez dabilela ikusita", Eusko Jaurlaritzari eskatu diote ardura subsidiarioa hartzeko eta mantenu lanak bere gain hartzeko. 

Goikoetxearen berbetan, "larria" da egoera: "Lixibiatuak kontrolik gabe ari dira inguruko erreketara isurtzen, ezarri zen ponpaketa-sistema argindarrik gabe dagoelako eta enpresak ez duelako inongo neurririk hartu hori konpontzeko". Gas isuriei dagokienez ere, horiek "kontrolik barik" isurtzen direla esan du, estalkiak "hausturak" dituelako.

"Oso kezkatuta"

Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak herrian "oso kezkatuta" daudela adierazi du, eta gaineratu du "egoera txarraren ondorioak" Ermuan, Eibarren, Elgetan eta beste herri batzuetan "jasaten" dabiltzala. "Udalean gure esku dagoen guztia egiten gabiltza. Eitzagako auzotarrekin egon gara, eta eskura daukagun informazio guztia helarazi diegu. Kezka handiz hartu dute zabortegiko utzikeria ingurumenean eta osasun publikoan eragiten dabilena", esan du.

Alkatea atzo batu zen Eitzagako auzotarrekin, eta herenegun Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin. "Bilera hori nire ekimenez egin zen, eta nire kezka azaldu nien: zabortegiko mantenu lanak bere gain hartzea eskatu nion Eusko Jaurlaritzari", jakinarazi du. Izan ere, Azpitarteren berbetan, Eitzagako auzotarrek, Zaldibarko herritarrek eta zabortegiaren inguruko herritarrek "nahikoa sufritu dute dagoeneko". "Sei urte beranduago ez dute merezi egoera hau. Verter Recycling enpresa ez bada gai mantenu-lanak egiteko, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu beharko lituzke modu subsidiarioan", amaitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!