Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritzak egoera kezkagarria marraztu du Eitzagan. Zabortegiak "utzikeria orokortua" duela ebatzi du, eta mantenu lanik egin ezean, ingurumen arazoak errepikatu daitezkeela gaineratu. Arazo larrienetako bat lixibiatuena da, hondakinek eta euri-urek sorturiko likido kutsagarriena. Izan ere, ikuskaritzak egiaztatu du lixibiatuak ponpatzeko sistema ez dagoela martxan, eta fluidoek Aixola errekan edo lurpean amaitzeko arriskua dagoela. Halaber, lixibiatu kopuru handiak identifikatu dituzte dreinatze sisteman, eta ohartarazi dute horiek hoditeria sistema trabatu dezaketela. Mantenu faltaren eraginez leku horretan tapoi bat sortuko balitz, "aurreikusi ezineko ondorioak" eratorri ahalko liratekeela dio txostenak: "lixibiatuak kontrolik barik isurtzea", batetik, eta horiek pilatzearen eraginez "egonkortasuna murriztea", bestetik.
Txostenak identifikatutako beste urraketa batzuk honako hauek dira: zabortegian sortzen diren gasak tratatzeko sistemarik ez edukitzea, instalazioek erantzunkizun zibileko asegururik ez izatea eta zigilatze-oihala apurtuta egotea. Eusko Jaurlaritzako 2025eko irailaren 9an egindako ikuskatzearen ondorio dira urraketa horiek guztiak. Zuzendu beharreko 29 egoera identifikatu dituzte orotara.
Zaldibarko Udalaren eskaria Jaurlaritzari
Egoeraren ondorioz, Zaldibarko Udalak "urgentziazko bilera" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Sare sozialetan eman du horren berri. Zabortegiko egoerak herritarrei eta ingurumenari "neurrigabeko kalteak" eragin diezazkiekela ikusita, udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "zabortegiaren egoera xeheki zehazteko, beharrezko azalpenak emateko eta egoera onbideratzeko zein pauso emango duen zehazteko".