Eitzagako zabortegiko lixibiatuak "inongo kontrolik barik" isurtzen direla salatu du Zaldibar Argituk. Deban egin du egoera hori salatzeko ekintza, hain zuzen ere, lixibiatuek ibai horretan eta udalerri horretako bokalean amaitzen dutela salatuta. Ekintzaileak Honaino iristen da Zaldibarko zabortegia zioen pankarta eskutan jarri ziren, atzo, zubi gainean. "Zaldibarko zabortegian sortzen diren lixibiatuak Ego ibaira isurtzen dira. Deba ibaiaren ibaiadar nagusia izanik, kutsatutako ur horiek Zaldibar, Ermua, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Debatik igarotzen dira, itsasora heldu arte. Beraz, kutsadura udalerri horietaraino iristen dela ohartarazi nahi dugu", adierazi du plataformak.
Halaber, zabortegiaren "egoera penagarria" eta "abandonua" kritikatu dute, eta horren ardura "berehala" hartzeko eskatu Eusko Jaurlaritzari: "Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak 2025eko irailean Zaldibarko. zabortegian egindako ikuskaritzaren arabera, euria etengabe egiten duenean lixibiatuak ibilgura isurtzen dira. Gainera, hainbat puntuetan jariatze-urak lur naturalera iragazten dira. Hori gutxi ez eta, azaleko uren, lurpeko uren eta lixibiatuen gaineko kontrolik ez da egiten", azaldu dute.