Ikuskaritza batek 29 arau-hauste identifikatu eta gero, EH Bilduk hondakindegiko segurtasuna bermatzeko zein neurri hartuko duen galdetu dio Eusko Jaurlaritzari. Koalizio subiranistak gogorarazi duenez, "lixibiatuak filtratzen dabiltza inguruko erreketara" eta horrez gainera, "gas isuriak ere gertatzen ari dira". Horrek guztiak Eitzagan, Ermuan, Eibarren eta inguruko herrietan "arazo larriak" sor ditzakeela eta, hainbat galdera eta eskaera erregistratu dituzte Legebiltzarrean. Halaber, Ander Goikoetxea legebiltzarkideak Verter Recycling enpresak zeintzuk neurri hartu dituen galdetu dio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari. Enpresari zigor espedienterik zabaldu ote dioten ere galdetu du Goikoetxeak. Horrez gainera, uren neurketen berri ematea eskatu du.
Egoera "kezkagarria" da EH Bilduren iritziz, azpiegitura "erabat utzita" dagoelako egonkortze lanak egin zirenetik. "Inor ez da bertan egin beharreko mantenu lanez arduratzen. Utzikeria horrek arriskuan jartzen ditu Zaldibarko zabortegiaren inguruan bizi diren milaka herritarrak".