Jon Arrizabalagari eta bere familiari ongietorririk hunkigarriena egiteko prest dago Zaldibar

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 25a

Jon Arrizabalaga (ezkerrean) eta Mikel aita Perafortetik Zaldibarrerako etapetako batean. VIAJANDO CON APU

Barikuan lehertuko da dena. Eta seguruenik, ez dira malkoak, irribarreak eta hunkidura faltako, zaldibartarrek merezi bezalako harrera egingo diete-eta Jon Arrizabalaga herrikideari eta bere familiari. Jonek lortuko duena ez delako nolanahikoa: neurofibromatosia izan arren, tandem bizikleta batean lotuko dituelako Perafort (Katalunia) eta Zaldibar arteko 670 kilometroak.

Gaztea etapaz etapa ari da herri bien arteko distantzia egiten eguntan, eta barikuan iritsiko da Zaldibarrera, Mikel aitarekin eta Maria amarekin, helmugara. Aurreikuspenen arabera, 18:00etan. Eta dena behar bezala ospatzeko, lagunek eta herrikideek harrera jaia prestatu diete. Sorgin tabernaren parean atonduko dute helmuga.

Mikel Arrizabalagaren lagunek ANBOTOri kontatu diotenez, "Jonek hogei urte pasatxo ditu, eta izugarri gustatzen zaio kirola. Bai kirol lehiak ikustea, bai kirola egitea. Alabaina, neurofibromatosiaren bigarren aldaera duenez diagnostikatuta, gaixotasunak ez dio gura beste kirol egiten uzten. Gaixotasun horren eraginez, tumore onberak irteten zaizkio buruan, eta horiek bere funtzionamenduari eragiten diote: ikusmena baldintzatzen diote, baita entzumena eta oreka ere. "Hala eta guztiz ere, Jonek aurrera egiten du egunero-egunero. Tratamenduak jasotzera joaten da Madrilera, eta ahal bezainbeste kirol praktikatzen du familiakoekin eta kuadrillakoekin. Egundoko indarra du! Izugarrizko kemena!", azaldu dute Jonen aitaren familiako lagunek. 

Tandem bizikleta elektrikoa

Joni kirola egitea izugarri gustatzen zaionez, baina gaixotasunak nahi bezala praktikatzea eragozten dionez, gazteak familiako kideekin irteten du tandem bizikletan. "Batzuetan aitarekin irteten du, eta beste batzuetan Gorka anaiarekin. Aurrean doanak gidatzen du bidaia, eta Jonek indar biziz eragiten die pedalei. Orain arte tandem arrunt batekin ibili dira, baina duela gutxi elektriko bat enkargatu dute trabesia luzeagoak egiteko. Katalunian fabrikatu dute ibilgailua, Perafort herrian. Jon, aita eta ama joan dira bertara, eta tandem elektriko erosi berrian dabiltza handik honako bidea etapaka egiten. Aita-semeak tandem elektrikoan, eta ama ondoan, bizikleta arrunt batean", azaldu dute familiako lagunek. 

Honezkero, Jonek eta bere familiak atzean utzita dute Tutera (Nafarroa), eta Euskal Herriko geografian gora egiten dabiltza kilometroz kilometro. @viajando_con_apu instagram kontuan dabiltza abenturaren kronika egiten. 

Maria Unzueta, Jon Arrizabalaga, Gorka Arrizabalaga eta Mikel Arrizabalaga.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!