Etorkizuneko Olazar Pilota Txapelketaren barruan partidu bi jokatuko dira gaur, 21:00etan, Zaldibarko pilotalekuan. Lau eta erdikoan Izagirrek eta Egurrolak neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, Zubizarreta-Apeztegia eta Etxeita-Erkiaga bikoteen txanda izango da.
Joan zen asteko jardunaldiari dagokionez, binakako partidu bi jokatu ziren. Lehenengoan Apezetxeak eta Santestebanek 22-11 irabazi zuten Fernandezen eta Cansecoren aurka. Bigarrenean Etxebarria eta Sotil erraz nagusitu ziren Igoaren eta Cuairanen aurka: 22-8.
Zuzeneko emanaldiak
Zaldua Pilota Taldeak aurten ere zuzeneko emankizunak eskainiko ditu final-laurdenetatik aurrera. Antolatzaileek egindako saioek kalitatezko errealizazioa dute: hainbat kamera, errepikapenak, datuak, elkarrizketak… Normalean, Koldo Aldalur edo Haritz Gallastegi izaten dira esatariak, eta Enrike Agirrebeitia komentarista. Azaroaren 8rako dute aurreikusita lehenengo partidua. Guztira, zortzi emankizun izango dira. Emankizun horiek www.anboto.org webgunearen bitartez ere jarraitu ahal izango dira eguenero.