Zaldua Mendi Taldeko antolatzaileek ahalegin berezia egin dute lasterketaren berri lau haizetara zabaltzeko eta lanak bere fruituak eman ditu. Gainera, Durangaldeko Kopa izaten ari den tiroia izan daiteke probaren hazkundea ulertzeko beste faktore bat.
Lasterketa bi izango dira. Luzeak 19 kilometro ditu, 1.235 metroko desnibel positiboagaz. Korrikalariak Goierri ingurutik Eitzagara joango dira. Osteko bidea gorabeheratsua da eta Egoarbitzarako igoeran izango dituzte aldatsik gogorrenak. Aurreko aldiekin alderatuta, ibilbidean aldaketa txiki bat dago: urtero lez, Satamañazarrera igoko dira, baina beste bide batetik, baso lanek eraginda. Beste bidearen antzerakoa dela diote antolatzaileek, baina bertikalagoa.
Lasterketa laburragoak 14 kilometro ditu, 745 metroko desnibelagaz. Luzearen antzeko ibilbidea du, baina Eitzaga auzotik zuzenean joango dira Aixolako presara, Egoarbitza tontorrera igo barik.
Lasterketen ordutegiari dagokionez, aurreko aldietan baino orduerdi lehenago hasiko dira: luzea 09:30ean, eta laburra 09:45ean. Uztaileko tenperatura beroak ekiditeko hartu dute erabakia. Proba biak udaletxeko plazan hasi eta amaituko dira. Amaieran, DJ batek musika jarriko du plazaren ondoan dagoen Sorgin tabernan.
Erreleboa
Zaldua Mendi Taldea galtzeko arriskuan egon zen iaz, harik eta herritar talde bat erreleboa hartzeko prest agertu zen arte. Harrezkero, hainbat ekimen antolatu dituzte: irteerak, hitzaldiak… eta harrera ona izaten ari dira. "Jendea parte hartzeko gogotsu ikusten dugu eta pozik gaude", azaldu du mendi taldeko Mikel Arroitak.