Nola hartu duzue aurtengo jaietako txupinerak izateko gonbidapena?
Leonor Peña: Oso ondo. Geuk proposatu genuen; baiezkoa eman ziguten, eta oso pozik gaude, egia esan.
Pentsatuta duzue zer esango duzuen?
Loli Rajado: Badaukagu, bai, zerbait pentsatuta; dagoeneko testutxo bat prest daukagu.
L. P.: Gainera hemendik aprobetxatu gura dugu elkarteko emakumeei dei egiteko: guztiok zaudete gonbidatuta udaletxeko balkoira. Egun hori guztiona izango da.
Amaia Garcia: Taldeko zuzendaritzan laurok gauden arren, Helmuga guztiok gara.
Eta, baduzue jaietarako beste zerbait prest?
Edurne Moreno: Urtero zerbait antolatzen dugu. Azken urteotan DJ bat ekarri dugu, DJ Jose Mari, eta aurten ere bera etorriko da. Uztailaren 4an, barikua, izango da, 23:00etan, Euskal Herria etorbidean.
Elkarteari dagokionez, duela 20 urte sortu zenuten. Nola dago osasunez?
A. G.: Egia da hasieran emakumeek emakumeentzat sortutako ekintza ugari antolatzen genituela, eta hori apurka-apurka murrizten joan zela. Urte batzutan, nahiko geldi egon gara. Baina, azken pare bat urteotan elkarteak berriro indarra hartu du, jende gaztea sartu da, eta horrek haize freskoa ekarri du.
L. P.: Hasi gara berriro ere mugitzen, gauzak antolatzen. Helmuga emakume guztiei zabalik dago, gonbidatuta zaudete.
Bukatzeko, urtemuga ospatzeko antolatu duzue zerbait?
L. P.: Aurten hainbat ekintza antolatzen gabiltza 20 urteak behar bezala ospatzeko. Esaterako, uda osterako, udazkenerako, gauza dezente ditugu.
A. G.: Irteera batzuk antolatu ditugu, eta baita bazkideen afari bat ere, dantzaldi eta guzti. Horrez gain, ardo eta eusko label produktuen dastaketa egitea ere pentsatu dugu.