2015ean sortu zenetik hona, Olazarmendik lan handia egin du harrobiagaz. Zaldibarko nahiz inguruko herrietako gazteak klubera batzen joan dira eta eurekin pazientziagaz egindako lana bere fruituak ematen dabil apurka. Esaterako, orain asteburu bi amateur mailako Euskadiko txapelketak jokatu ziren Durangoko kiroldegian, eta klubeko gimnasta bat baino gehiago nabarmendu zen. Malen Dueñasek urrezko dominak irabazi zituen pilotan eta uztaian, eta Irati Jaio iurretarra Euskadiko txapeldun geratu zen kadete mailan. Uztaiagaz eta mazoekin hirugarren lanik onena egin zuen eta saio bietako puntuazioa batuta, berarentzat izan zen urrezko domina.
Adinean beherantza eginda, kimu mailako neskak ere nabarmendu beharrekoak dira. Orain aste gutxi Gasteizen jokaturiko Eskola Jokoetan, Nerea Antonek eta Elene Agirrebeñak osaturiko taldea Euskadiko txapeldun geratu zen.
Nesketan ez ezik, mutiletan ere lorpenak heldu dira. Horren adibide da Hodei Rivas gaztea. Joan zen apirilean, 12 urtegaz, haur kategoriako Espainiako txapelketan parte hartu zuen Guadalajaran, eta urrezko domina kolkoratu zuen. Gainera, ezin esan sorpresa izan zenik, bigarren urtez jarraian geratu da-eta txapeldun, gimnasia errtimikorako dohain apartak dituela erakutsita. Nerea Gomez eta Ane Fernandez gimnastek ere txapelketa horretan parte hartu zuten.