Gimnastika erritmikoak asko eman eta irakatsi dio. Horregaitik, pena handiz utziko du kirola denboraldi amaieran, lesio batzuengaitik. Errekuperatu eta bueltatzea espero du. Bien bitartean, min eta guzti, Espainialo txapelketa buru-belarri prestatzen dabil. Guadalajaran izango da, ekainaren 18tik 22ra.
Aurten Espainiako maila absolutuan zabiltza, lehenengoz. Zelan lortu zenuen maila horretara igotzea?
Espainiako oinarrizko mailan hasi nintzen, eta iaz maila horretako txapelketan lehenengo geratu nintzenean, maila absolutura igo nintzen. Sorpresa izan zen, denboraldi osoan txarto nenbilelako mazoekin. Gozatzera joan nintzen txapelketara, eta a zer sorpresa! Denboraldiko saiorik onena egin nuen.
Orain, zure eta klubaren historian lehenengoz, maila absolutuko Espainiako txapelketan arituko zara. Zelan sentitzen zara?
Niretzat asko aldatzen dira gauzak. Maila absolutuan hiru aparatu egin behar ditut, eta ez bat bakarrik. Erronka handiagoa da: hiru egunetan lehiatu behar dut, hiru aparatu, musika eta dantza diferentegaz… Presioa handiagoa da.
Zer helburu duzu txapelketan?
Egindako lanagaz tapizetik gustura irtetea da nire helburua. Eta hiru ariketak amaitu ahal izatea, lesionatu barik. Min dut oinean eta lepoan.
Zelakoa da aparatu batetik hirura egokitzea?
Gatxa izan da. Iazko ordu kopuru berdintsua entrenatzen naiz, baina orain hirutan banatu behar dut denbora. Gainera, hiru dantzak berriak dira. Iaz mazoak egin nituen, eta aurten pilotagaz, xingolagaz eta uztaiagaz nabil.
Zein aparatu gustatzen zaizu gehien?
Egunaren araberakoa da, baina une honetan pilota da nire kutuna. Asko gustatzen zait eta nire gorputzeko beste atal bat dela sentitzen dut.
Txapelketan zehar ez duzu jakingo ariketa bakoitzean zer puntuazio jaso duzun eta zein postutan zoazen. Halaxe erabaki duzue. Zergaitik?
Apur bat isolatzea mesedegarria dela uste dut. Sarritan, informazioak zeure burua presionatzera zaramatza, gura barik bada ere. Esango nuke hobe dela ezer ez jakitea txapelketa amaitu arte, eta, beharbada, amaitu eta gero ere bai. Badaude txapelketa batzuk oraindino ez dakidana zelan geratu naizen, eta lasai bizi naiz, edo jakingo banu baino lasaiago.
Lesioak aipatu dituzu. Zelan baldintzatuko dizute etorkizuna?
Denboraldi amaieran utzi egingo dut gimnastika erritmikoa. Erabaki hau saihesten ahalegindu naiz denbora askoan. Gimnasia nire beste familia baten modukoa da eta taldean giro bikaina dugu. Ez nuen hainbeste asebetetzen nauen kirola utzi gura, baina ez zait beste erremediorik geratu: fisioterapeutekin nabil, minerako pilulak hartzen… Gorputzak geratzeko eskatzen dit. Berriro bueltatzeko asmoa dut, baina ikusi egin beharko da gorputzak zelan erantzuten duen.
Bizitzako momentu batzuetan osasun mentala ere zaindu behar izan duzu. Zelan egin diozu aurre egoerari eta zer ikasi duzu?
Nire bizitza pertsonaleko arlo askotan oso exijentea izan naiz neure buruagaz. Momentu batean presio handiegia sentitzen nuen, nik neuk neure buruari jarritakoa eta kanpotik zetorrena. Ez nekien frustrazioa zelan kudeatu eta depresio bat eragin zidan. Gimnasia izan da egoera honetatik irteten gehien lagundu didana. Gimnasia espazio seguru eta atsegin bat izan da beti niretzako. Niregan konfiantza hartzen lagundu dit. Denbora honetan zer ikasi dudan? Frustrazioa eramaten eta exigentziak neurtzen ikasi dut.