Kultur ekitaldi ugari inaugurazioan

Ekaitz Herrera 2025ko mar. 14a, 09:30

Danele Sarriugartek (ezkerrean) proiektuaren irekieran parte hartuko du.

Xerra proiektuak gaur arratsaldean, martxoak 14, hasiko du bere ibilbidea, 16:30ean. Ordu horretatik aurrera Zaldibarko plazara gerturatzen denak askotariko ekitaldi kulturalak topatuko ditu bertan.

Ane Lusarretak iragarri duenez, "ospakizun itzela" izango da. Batetik, lokaletako batean El rayo verde en una tienda de alfombras erakusketa inauguratuko dute, Intza Arakistainen lana. Ordu horretan bertan, pareko lokalean, Maite Rosende eta Anna de Abajo tatuatzaileek Flash Tatoo jardunaldia egingo dute; hau da, tatuaje-saioak egingo dituzte bertaratzen direnentzat, hitzordurik hartzeko beharrik izan barik. Eta, bien bitartean, lokal bien arteko eremuan Bihotza musika-jartzailea doinu elektronikoak ipintzen egongo da. 18:15ean, Danele Sarriugartek eta Miren Narbaizak Kaixo, Karis testu musikatuak eskainiko dituzte. Emanaldi horren bigarren estreinaldia izango dela aurreratu dute Lusarretak eta Zaprek. Azkenik, Sorgin tabernan, musika kontzertuak egongo dira 20:30ean hasita. Xabier Badiolak eta Mark Dutik egingo dituzte emanaldiok. "Lagun ugari batuko gara, eta ziurtatu dezakegu giro polita egongo dela", iragarri dute. 

Inauguraziora batzeko deia
"Etorri, hurbildu", gaineratu du Zaprek: "Oso ilusionatuta gaude proiektu berri honekin, eta aitzakia paregabea izango da ostiral arratsalde polit bat pasatzeko, apropos-aproposa asteburua modu ederrean hasteko". Bestalde, inaugurazio ekitaldia alde batera utzita, urte osoan zehar bertan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera deitu dute Xerra proiektuko kideek. "Erakusketak, tailerrak eta Janzinema jardunaldiak zuen zain daude", esan dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!