ANBOTO Telebista

[BIDEOA]: "Guk jaso gura genukeen kultur eskaintza eman gura dugu Xerran"

Ekaitz Herrera / Irati Otadui 2025ko mar. 14a, 09:30

Durangaldeak beste proiektu kultural bat du gaurtik: Xerra. Ane Lusarreta eta Laida Zapre donostiarrek gidaturiko proiektua da, ardatz bi dituena: batetik, Xerra estudioa dago, sortzaileek euren lanetarako, ikus-entzunezkoen garapenerako eta diseinu lanetarako baliatuko dutena. Bestetik, izen bereko gunea dago, zaldibartar eta eskualdeko herritar guztiei begirako kulturgune ireki eta zabala. Azken honetan, erakusketak, tailer artistikoak, eta zinema eta gastronomia batzeko jardunaldiak egingo dituzte. Proiektua Zaldibarko plazan atondu dute, garai bateko Bodega tabernan eta haren pareko lokalean. Lusarretak eta Zaprek gaur inauguratuko dituzte instalazio biak, kultur eskaintza zabalagaz.

'Xerra' proiektuak gaur zabalduko ditu ateak. Zelan definituko zenukete proiektua?

Ane Lusarreta: Gu, berez, Xerra estudioko kideak gara, eta lokala alokatu dugu gure lana garatu ahal izateko. Gure estudioaren parean beste lokal bat dago, eta hor gune kultural bat jarri dugu, mundu guztiari irekita dagoena. Azken hori erabilera anitzeko gela izango da, kulturgileak eta kulturazaleak saretzeko balioko duena. Azken finean, guri gustatzen zaiguna egiteko eta guk jasotzea nahiko genukeena eskaini ahal izateko lekua izango da.

Laida Zapre: Hala da, bai. Proiektu bakarra da, baina bi adar dituena. Alde batetik, Xerra estudioa dago, gure lantokia, eta, bestetik, artea eta kultura zaldibartarrei eta Durangaldeko herritarrei zabaltzeko asmoz irekiko dugun eremua. Zaldibarko bi etxabe baliatuko ditugu horretarako.

Zuek jasotzea nahiko zenuketena eskainiko duzuela diozue. Zer da bertan eskainiko duzuena?

L.Z.: Kultur eremuak hiru ardatz izango ditu. Batetik, erakusketa iraunkorrak izango ditugu, urtean hiru, lau hilabeteko iraupena izango dutenak. Bestetik, Zinejana edo Janzinema egitasmoa dago, zinema eta gastronomia batuko dituen esperientzia. Hau da: pelikula ikusi bitartean, ikus-entzuleek filmean agertu daitezkeen errezetak edo mokaduak jateko aukera izango dute, denbora errealean. Horrenbestez, saioetatik pelikula bat ikusita eta gutxi gorabehera afalduta irtengo dira hona datozenak. Horiek hiru hilean behin emango ditugu. 

A.L.: Ikusi, entzun... eta oraingoan, baita jan ere! Esperientzia sentsorial erabatekoa da hemen eskainiko duguna. Ikusleak tentsio hori sentituko du, platerak edozein unetan irten daitezke eta, filmeko istorioaren arabera. Hori bai: kabiarrik ez espero! (barrez)

L.Z.: Azkenik, tailer monografikoak emango ditugu. Hilean bat, asteburuetan. Askotariko arte diziplinak landuko ditugu: serigrafia, argazkilaritza eta zianotipia, besteak beste. Horietan parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik. Aipaturiko guztiak interesgarriak dira, espazio beraren bueltan askotariko jendea batzeko aukera eskaintzen duelako. 

"Erakusketak, 'Janzinema' jardunaldiak eta tailer artistikoak egingo ditugu" 

Eta hori guzti hori zuek biok bakarrik eskainiko duzue?

A.L.: Iruditzen zait ideiak eta oso lagun onak ditugula Xerran. Zerbait bururatzen zaigun aldiro geure buruari galdetzen diogu: "Ea, nor sartuko dugu saltsa honetan?". Janzine proiektuan, adibidez, Xabi Larrazabalek lagunduko digu, gure lagun-min eta lankide ohiak. Zaldibarko lagun-min Leirek ere bidean lagunduko digu. Iruditzen zait hori guztia lehen esandakoaren ildotik doala. Tokiko sorkuntzaren berri emango dugu, baina ez Bilboko erdigunean, Zaldibarren baino, ondoan baratza, udaletxea, umeak plazan jolasean eta taberna daudela. 

Lehenengo kultur egitasmoa bihar bertan hasiko duzue, inaugurazioan. Noren erakusketa bisitatu ahal izango da?

L.Z.: Intza Arakistain azkoitiarrarena. Arte Ederrak ikasi ditu, Bilbon bizi da, eta, horrez gainera, Nize musika taldeko bateria-jotzailea ere bada. Bere margolanak ikusi ahal izango dira hemen. Oso pertsona animatua da, eta ukitu punkia du. 

Bestalde, Xerra guneaz gainera, zuen lantokia ere izango duzue Zaldibarren, zuen estudioa.

A.L.: Xerra estudioa ez da berria. Berria dena Zaldibarrera etortzea da. Komunikazio, argazki eta ikus-entzunezkoen estudioa gara, eta bi-hiru urte daramatzagu honetan. Orain arte komunikazioari loturiko lanak egin ditugu, diskoetako eta biniloetako azalak, kartelak, argazki saioak, Donostiako Feministaldiko argazkien erregistroa, Feministaldiko komunikazioa... Horrez gainera, dokumental bat egin genuen Igeldoko Undermount gune autogestionatuan. Bertan, hainbat emakumek zeramika lanak egiten dituzte garai bateko labe zahar batean. Dokumentala egin genuen haiekin, Dragoiak izena duena. Ines Osinagarekin ere lan ugari egin dugu. Itsasoa da bide bakarra dokumentala, adibidez, berarekin egin dugu.  

"Zaldibartarrek primeran hartu gaituzte, eta Udalarekin lan egitea erraza izaten dabil"

Eta hara non, donostiar biren proiektuak Zaldibarren lur hartu duen.

A.L.: Bai, askotan galdetu dizkigute halakoak. "Nolatan bi donostiar Durangaldean bizitzen?", "Zergatik?". Eta zergatik horrek oso isats luzea du. Laidak eta biok EITB Kulturan lan egin genuen. Miramongo estudioetan lehenik, eta Bilboko estudioetan gero. Gaur egun, ekoizpen hori Zornotzan egiten dute. Ondoren, Elorrioko baserri batean hasi ginen bizitzen, lagunartean. Gero, Abadiñoko baserri batean, eta gutxinaka-gutxinaga, konturatu gabe, zazpi urte egin ditugu Donostiatik kanpo. Horregatik eta eskualdearengatik beragatik gaude hemen, Durangaldea benetan ederra dela iruditzen zaigulako. Niri, adibidez, mendia izugarri gustatzen zait eta Atxarteko inguruak, Urkiolako Parke Naturaleko inguruak, zoragarriak dira. Gainera, zaldibartarrek egundoko harrera egin digute, beso-zabalik hartu gaituzte. Udalarekin lan egitea ere oso erraza da. Pozarren gaude.

L.Z.: Batzuetan, gauzek duten baino pisu askoz handiagoa dutela pentsatzen dugu eta ez du horrela izan beharrik. Kontu asko zoriz edo intuizioz gertatzen dira. Hasieran, estudioa muntatu ahal izateko lokalak begiratzen egon ginen Abadiñon, Durangon, Berrizen,... baina prezioak oso garesti zeuden, gure eskumenetik kanpo. Azkenean, Zaldibarko lagun batek, Leirek, leku honi buruzko informazioa eman zigun, eta hementxe atondu dugu Xerra. Horrekin batera, bada azpimarratu nahi ditudan bi ideia, irekiera prozesu honetan etengabe azpimarratu ditugunak: "bakarrik ezin da, lagunekin bai", eta "hirietan ezin da, herrietan bai". 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!