[BIDEOA]: Manifestazio jendetsu batek mediku faltaren auzia "berehala konpontzeko" eskatu du Zaldibarren

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 6a, 19:25

Martxa batek Zaldibarko kaleak zeharkatu ditu arratsalde honetan, Osakidetzak hurrengo hilabete bietan “gutxienez” herrian medikurik egongo ez dela jakinarazi eta gero. 

Manifestazio buruak 19:00ak pasatxoan irten du udaletxeko plazatik. Aurrealdean, Zaldibar mediku barik zioen pankarta, eta atzetik, jendetza. Mediku faltarekin kezkaturiko zaldibartar ugari. Ibilbidea Euskal Herria etorbidean barrena egin dute, N-634 errepidearen beste aldera igaro eta handik udaletxe plazara bueltatzeko. Ibilbidean zehar, manifestariak bi bider igaro dira herriko osasun zentroaren paretik, egunotan mediku barik dagoen kontsultategitik.

Manifestazioa 19:30ak aldera bukatu da udaletxeko plazan, eta antolatzaileek adierazpen bat irakurri dute. Osakidetzari "berehalako neurriak hartzea exijitu" diote herriko kontsultategian medikurik falta ez dadin. "Hau herritar guztion ardura da. Horrenbestez, egoera honek bere horretan jarraitzen badu, herritarrei dei egiten diegu antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera. Era berean, herriko gainerako eragileak deitzen ditugu deialdiekin bat egitera", azaldu dute manifestazioaren antolatzaileek bukaeran. 

Gaurko mobilizazioa Zaldibarko Jendeak taldeak, gaztetxeak, Dominika Talde Feministak eta pentsiodunek antolatu dute. Osakidetzak astelehenean jakinarazi zion Zaldibarko Udalari herriko osasun zentroan ez dela medikurik egongo "gutxienez, hurrengo hilabete bietan". Normalean, mediku bi egon ohi dira Zaldibarren. Aurrerantzean, herritarrak Elorrioko kontsultategira bideratuko dituzte, baina manifestariak kexatu direnez, "herri bien artean ez dago garraio publikorik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!