Zaldibartarrak medikurik barik egon dira azken asteotan, eta egoerak halantxik jarraitu dezake Osakidetzak gauzak aldatzen ez baditu. Zaldibarko Udala Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) arduradunekin ipini da hartu emanetan, egoera konpontzeko asmoz. Eta osasun arduradunek atzo (astelehena) Zaldibarko Udalari baieztatu ziotenez, udalerriak ez du medikurik izango, gutxienez, datozen bi hilabeteetan. Horren ordez, herritarrak Elorrioko osasun zentrora bideratuko dituzte.
Zaldibarko Udalak bere kexa agertu du: "Gogoratu behar da Zaldibarrek, normalean, bi mediku izaten dituela, eta ez dagoela Zaldibar eta Elorrio arteko zuzeneko garraio publikorik". Egoerari buelta emateko asmoz, gutun bat helarazi diote Osakidetzari. Eskari bi egin dituzte. Honako hauek: Zaldibarko osasun zentroko mediku zerbitzua "lehenbailehen" berrezartzea, "herritarrei osasun zerbitzu duina eskaini ahal izateko" eta "mediku zerbitzua berrezarri bitartean Zaldibarko herritarrak hurbilen dagoen osasun zentrora bideratzea, eta hala ez bada, garraio zerbitzua bermatzea".