"Orain urte batzuk, Saharako ia 1.000 ume errefuxiatu etortzen ziren Euskal Herrira uda igarotzera. Aurten, kopurua ez da 200era ailegatzen". Horixe da Hamadako Izarrak elkarteko arduradunek mahai gainean ipini duten datua. "Beharakada handia gertatzen dabil Oporrak Bakean programaren barruko boluntario eta harrera familia kopuruan. Eta joera hori Euskal Herrian, Espainiako estatuan, Frantziako estatuan eta Italian igarri dugu. Orokorra da. Umeak handik irtetea oso inportantea da. Haientzat osasuntsua izateaz gainera, gatazka oraindino gehiago ahaztu ez dadin laguntzen digute besteoi", adierazi du Izaro Etxebarria arduradunak. Alde horretatik, harrera familia izatera animatu ditu Durangaldeko herritarrak: "Bestela, umeak handik ez irteteko arriskua egon daiteke".
Hamadako Izarrak elkarteko kideek bigarren aldia izan dute Olazarren. Ekainaren amaieratik aste honetako eguaztenera arteko hamar asteetan, 40 begiralek baino gehiagok esku hartu dute umeen arretan, era boluntarioan. Aste bakoitzean, lau begirale eta sukaldari bi egon dira. Horrez gainera, elkarteko arduradunak kudeaketa lanetan ibili dira; azken hauek aste guztietan. "Monitoreetariko asko aurrez gugaz lan egindakoak izan dira. Gazteagoak ere etorri zaizkigu, gogotsu hasi direnak. Baina, edozelan ere, geroago eta gehiago kostatzen da boluntarioak topatzea", esan du Izaro Etxebarriak.