Errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren 30 umek baino gehiagok Durangaldeko aterpetxeetan eta etxeetan igaro dute uda, Lajwad, Río de Oro eta Hamadako Izarrak elkarteen bitartekaritzari eskerrak. Umeek asteon agurtu dituzte harrera herriak, eta Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetara bueltatu dira jada. ANBOTO Zaldibarren izan da, Olazarren atonduriko aterpetxean, neska-mutikoak joan aurreko azken orduetan.
"Egia esan, egonaldia oso ondo joan da. Iaz ume gutxi izan genuen, eta aurten taldea handitzeko aukera izan dugu. Hamasei neska-mutiko izan ditugu Olazarren", azaldu du Izaro Etxebarriak. Bera da, Garazi ahizpagaz batera, Hamadako Izarrak elkartearen arduradunetariko bat. Ahizpa biek azaldu dutenez, umeek onura nagusi bi dituzte aurtengoaren moduko egonaldiekin. "Onuretariko bat osasunari loturikoa da. Medikuarenera eramaten ditugu, dentistarenera. Probak egiten dizkiegu ume guztiei. Zeozer txarto badago, konpondu egiten dugu. Eta, bestetik, elikadura dago. Etortzen direnetik joaten direnera arte, hazi egiten dira. Pisua irabazi eta indartu egiten dira", esan du Izaro Etxebarriak. Horrez gainera, ikasketa kulturalak ere eurenganatzen dituzte. "Etxeko lanak taldeka banatzen ditugu, era mistoan. Denok egiten dugu dena. Eta euskal kulturari dagokionez, abestiak eta zenbakiak erakusten dizkiegu. Hezitzailerik gehienak euskaldunak gara eta umeek asko ikasten dute gure hizkuntzaz. Gaztelania ere erakusten diegu, etorkizunean baliagarri izan dezaketelako. Gainera, Zaldibarko herritar askoren lagun egin dira eta asko ikasi dute eurekin. Hemengo bizimodua eta ohiturak ezagutu dituzte. Ruben, adibidez, Zaldibarko herritar bat, egunero-egunero etorri da gu bisitatzera. Bere lagun egin dira. Eta Olazarren egunero-egunero batzen den jubilatu kuadrillagaz ere egundoko hartu-emana egin dute umeek". "Zelan deitzen dira hemen egin dituzuen lagunak?", galdetu die Garazi Etxebarriak umeei. "Graci, Jose Luis, Antonio, Angel...", erantzun dute umeek. "Adineko herritarrekin begirune handiz jokatzen dute", gaineratu du Etxebarriak.
Neska-mutikoek Olazar izan dute udako oasi, baina Euskal Herriko beste hainbat herritan ere egin dituzte ekintzak. Berdin kostaldean, berdin barrualdean, zein hiri jendetsu batean. "Deban (Gipuzkoa) surf ikastaro bat egin genuen. Bertan ikastaroak eskaintzeaz arduratzen diren kideak gogotsu eta prest agertu ziren guri erakusteko. Eta Landan, Uribarri-Ganboako urtegian (Araba), arraun surf tailerra egin genuen. Umeak pozarren ibili ziren", azaldu du Izaro Etxebarriak. "Bilboko Aste Nagusira ere egin genuen txangoa. Su artifizialak ikustera joan ginen. Umeek flipatu egin zuten esperientziagaz; kaleko musikagaz, jendetzagaz. Han ibili ginen, Arriaga antzokiaren aurrealdeko animazio batean, musika kubatarra dantzatzen ahalegintzen! Bilbora joan ahal izateko, laguntza eskatu genion hainbat monitoreri. Begirale bat joan zen ume biko, biak eskutik helduta. Oso formal ibili ziren", gaineratu du Garazi ahizpak. Umeek ere oso argi dute. "Hondartza, surfa eta Bilbo" izan dituzte esperientzien artean gogoangarrienetarikoak.
"Enbaxadoreak"
Uda Durangaldean igaro duten Saharako umeek eguaztenean hartu zuten Loiuko aireportutik Aljeriako kanpalekuetarako hegaldia. Orain euren familiekin daude berriro ere, datorren udan Euskal Herrira bueltatzeko aukeraren zain. Baina, bien bitartean, hamarkada askotan okupazioak eta gerrak baldintzaturiko egoera izango dute bizileku. "Gaur egun, zoritxarrez, beste gerra garrantzitsu asko dago hedabideetan, Palestinakoa kasu. Saharari buruzkorik ez da entzuten, eta ez da hildako zibilen berririk heltzen. Baina gogoratu behar da han gerran daudela eta ume hauetako askoren familiako kideak fronteetan daudela. Borrokak konstanteak dira. Hildakoak daude, baina Marokoko gobernuak ez du bertara hedabiderik sartzen uzten. Saharako lurralde okupatuan ere etengabea da jasaten dabiltzan errepresioa. Gero, kanpalekuetako egoera desberdina da. Aljeriak babes apur bat eskaintzen die. Ura ematen die, argindarra. Eta zer egin daitekeen hemendik? Bada, galdera ona da. Ume sahararrak hango gatazkaren enbaxadore dira. Handik irtetean, hona etortzean, han lurralde bat dagoela, gatazka bat dagoela gogorarazten digute. Oroimen hori bizirik mantentzen jarraitu behar dugu, ez dadin ahaztu", azaldu du Garazi Etxebarriak. Izaro Etxebarriak urtean zehar egiten diren gainerako kanpainetan parte hartzera deitu ditu herritarrak: "Elikagaiak bidaltzeko karabanetan lagundu daiteke, harrera familia eginda ere bai". Saharako umeak indarberrituta eta shukran (eskerrik asko) esanda bueltatu dira senitartekoengana, datorren udan Durangaldera bueltatzeko ilusioagaz.