Borja Castrillok ordu laurdenean sartutako hiru golekin Zalduak irabazi zuen Elorrioren kontrako derbia

Anboto 2024ko urt. 16a, 13:34
Borja Castrillo, joan zen asteburuko gol bat ospatzen.

Zalduak 3-1 menderatu zuen Elorrio joan zen asteburuan.

Talde biak egoera desberdinetan heldu ziren Maila Goreneko derbira. Zalduak goiko postuei eusteko behar zituen hiru puntuak; Elorriok, aldiz, jaitsiera postutik irteteko. Azkenean, etxekoak nagusitu ziren eta partiduak protagonista nagusi bat izan zuen: Borja Castrillo. Aurrelari zaldibartarrak hat-trick-a sartu zuen Zalduari garaipena emateko.

Lehenengo zatian ez zen golik izan. Intentsitatea nagusitu zitzaion jokoari. Bigarren zatian heldu ziren lau golak. Elorrio aurreratu zen markagailuan korner batean. Orduan hasi zen Castrilloren erakustaldia. Hamabost minututan hiru gol sartu zituen: lehenengoa penaltiz, bigarrena erdiraketa batean defentsari aurrea hartuta eta hirugarrena atezainaren aurreko buruz buruko batean. Partiduaren hondarrean, aldatu egin zuten eta Solobarriara batutakoen txaloen artean erretiratu zen eguneko protagonista.

Datorren asteburuan bigarren itzuliari ekingo diote. Elorriok Apurtuarte taldea hartuko du Eleizalden domeka eguerdian. Zalduak Abantori egingo dio bisita domeka arratsaldean. Abadiñok, Maila Gorenean dabilen eskualdeko hirugarren taldeak, Gallarta hartuko du etxean, domeka goizean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!