Zalduak igoera postuetatik gertu dagoela hartuko du zulotik irten guran dabilen Elorrio domekako derbian

Joseba Derteano 2024ko urt. 12a, 11:08

Bizkaiko Maila Gorenean dabiltzan Zalduak eta Elorriok derbia jokatuko dute domekan, 18:00etan, Zaldibarko Solobarria futbol zelaian. Talde biak egoera guztiz desberdinetan helduko dira lehenengo itzuliko azken-aurreko jardunaldira. Etxekoak aparretan daude. Azken urte bietan mailari eusteko sufritu eta gero, aurten onenekin lehian dabiltza eta igoera postua puntu bira dute sailkapenean. Bisitariak, ostera, ez daude euren unerik onenean. Iaz Ohorezko Mailatik bajatuta, une honetan Maila Goreneko jaitsiera postuan daude.

Zaldua da derbia irabazteko faborito. Baina Elorriok baditu esperantzari eusteko heldulekuak. Batetik, azken jardunaldietako joera: Zalduak azken hiru partiduetatik bi galdu ditu eta Elorriok lau jardunaldi daramatza galdu barik. Beharrizanak ere plus bat eman beharko liekeela uste du Ibai Intxaurraga taldeko kapitainak. "Elorriok Zalduak baino beharrizan handiagoa du eta hori lehenengo minututik bertatik igarri behar da".

Zalduaren ilusioa
Zalduak entrenatzaile berria du aurten: Egoitz Izarzugaza gernikarra. Bizkaiko Kopa irabazita dauka, Gernika Sportingegaz. 38 urtegaz, estreinakoz dabil Maila Gorenean entrenatzen, eta "esker oneko" dago eskaini dioten aukeragaitik. Taldeko "giro ona" eta "plantilla zabala" (iaz baino sei jokalari gehiago dituzte) dira taldearen martxa ona esplikatzeko arrazoi bi, Izarzugazaren ustez. Fin dabiltza defentsan zein erasoan. Ugaitz Aurrekoetxea golik gutxien jaso duen bigarren atezaina da. Erasoan Borja Castrillo beteranoa (6 gol) eta aurten taldera bueltatu den Mikel Mujika (5 gol) ez ezik beste hainbat jokalari ere badabiltza golak sartzen.

Elorrion belaunaldi aldaketa
Elorrion belaunaldi aldaketa izan da azken urteetan. Orain talde gazte-gaztea dute. Egoera hori islatzen duen adibiderik onena Intxaurragaren adina da; kapitainak 22 urte baino ez ditu. Talde osoaren batez besteko adina ere hor inguruan dabil. Horrek esplikatu dezake Elorriok azken urteetan izan duen beherakada. Urtea albiste on bategaz hasi dute: futbola utzita zuen Jon Arando taldera bueltatu da. Oso albiste "pozgarria" da, Intxaurragaren esanetan. Erdilari elorriarraren esperientziagaz eta gazteen ilusioagaz talde sendoa eta lehiakorra egitea dute erronka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!