Lur-jausia Zaldibarren

Zaldibarko zabortegian Eusko Jaurlaritzak legea bete zuela ebatzi du Europako Batzordeak

Anboto 2022ko urr. 4a, 15:43

Ebazpenaren arabera, Jaurlaritzak legea bete zuen lur-jausiaren aurretik eta lur-jausia eta gero. 

Europako Batzordeak ebatzi duenez, Eusko Jaurlaritzak ez zuen legerik urratu Zaldibarko hondakindegiaren auzian. Halantxik jakinarazi du Jaurlaritzak berak eguerdi honetan. Zaldibar Argitu plataformak, Ekologistak Martxan elkarteak eta Ermuko San Lorentzo Auzo Elkarteak eskari bat erregistratu zuten Europako Parlamentuan. Bertan, hondakindegiko lur-jausian gertaturiko balizko arau hausteak ikertzeko eskatu zuten. Orain ailegatu da Europako Batzordeak eskari horri erantzundako ebazpena,  bigarrenez: Europako Batzordearen arabera, eskuduntza duten agintariek ez zuten Europar Batasuneko legeria urratu.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Europako Batzordeak lur-jausia gertatu baino lehenagokoak "egoki" bete zirela dio: "Zabortegia ustiatzen duen enpresari baimena ematea, zabortegia ustiatzeko fasean baldintzak betetzen zirela egiaztatzeko kontrolak, jarraipenak eta aldizkako ikuskapenak egoki egin zirela dio txostenak". Bestalde, lur-jausiaren osteakoak ere zuzen bete zirela dio. Jaurlaritzaren arabera, "giza osasunean eta ingurumenean eragin negatiboak murrizteko premiazko neurri zuzentzaileak hartu zirela" ebatzi du Batzordeak. Ermuko eta Eibarko inguruetan airearen kalitatea zaintzeko neurriak "etengabe" zaindu zirela gaineratu dute.

Egonkortasun-azterlana

Eusko Jaurlaritzaren arabera, ebazpenak 2018ko egonkortasun azterlana aipatzen du. "Zabortegian arazoak zeudela agerian uzten zuena eta Eusko Jaurlaritzari ezkutatu zitzaiona". Dena dela, "prozesu judiziala sumario-sekretupean" dagoela gaineratu du Jaurlaritzak. Batzordeak ebaluatu duen informazioa honako hauetan oinarritzen da: batetik, «Ricardo Environment» enpresak egindako kanpo-auditorian, eta, bestetik, Batzordeak berak Eusko Jaurlaritzari eskatutako informazioan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!