Europako Eskaera Batzordeak Eitzagan gertaturikoa argitzeko informazio gehiago eskatu du

Anboto 2022ko urt. 27a, 14:33

Parlamentari batzuek eta Eskaera Batzordeko presidenteak adierazi dute "Europako Batzordeak ez duela agindutako ikerketa egin". Hori dela eta, lur-jausiari loturiko dokumentazioa eta txostenak eskatu dituzte.

Euskal herritar batek Zaldibarko hondakindegian gertaturikoak ikertzeko eskaria eraman du gaur Europako Parlamentuko Eskaera Batzordearen aurrera. Herritarra Carlos Alonso da, eta bozeramaile lanak egin ditu Zaldibar Argitu, Ekologistak Martxan eta Ermuko Sallabente Auzo Elkartearen izenean. Alonsok Zaldibarko zabortegian gertaturikoak ikertzeko eskatu dio Europako Batzordeari, bertan arau-hausterik egon ote zen jakiteko. Bereziki, kudeaketa eta kontrol funtzionamenduak zelakoak izan ziren ikertzea eskatu du.

Ekologistak Martxanek, Zaldibar Argituk eta Ermuko Sallabente Auzo Elkarteak hedabideetara bidalitako oharraren arabera, Europako Eskaera Batzordeak eskaria aintzat hartu du, eta horrenbestez, Europako Batzordeari eskatu dio lur-jausia ikertzeko. Eskaera Batzordeko presidenteak eta Parlamentuko hainbat legebiltzarkidek "agintariek emandako informazio eta dokumentazio guztia helaraztea eskatu" dute, Europako Batzordeak behar beste ikertu ez duelakoan. Batzordearen "jarduerarik eza" salatu dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!