“Aktore izateko ametsa egia bihurtu da eta arte dramatikoa ikastea erabaki dut”

Aitziber Basauri 2022ko ots. 18a, 13:30

ETB1en estreinatu berri duten 'Irabazi Arte' fikziozko telesaileko Olatzen azalean sartu da Ainhoa Azpitarte. Futbol talde bat sortu gura duen neska talde bat da protagonista, klubak ipinitako trabak gaindituz aurrera egitea lortuko duena. Azpitartek Elorrio Futbol Klubean jokatzen du eta entrenatzailea da Zalduak eta Elorriok sorturiko Biak-Bat klubean. Batxillergoa amaitu eta selektibitatea prestatu ondoren, datorren urtean arte dramatikoa ikasi gura du, Antzertin (Bilbo).

Zelan sortu zitzaizun 'Irabazi Arte' telesailean parte hartzeko aukera?
Bizkaiko Futbol Federazioaren eskutik izan nuen castingaren berri. Asko emozionatu nintzen. Interpretazioa eta futbola izugarri gustatzen zaizkit eta biak uztartzeko aukera nuen. Bada, aurkezpen bideoa bidali nuen castingerako. Gidoi labur bat bidali zidaten bideoz grabatzeko, eta gero aurrez aurreko castinga egin nuen Donostian.

Zelan joan zen?
Lehenengo castingean, Areneren eta Noraren paperean sartu behar izan nuen. Lasai joan nintzen, esperientzia polit bat zen eta proba egitera nindoan. Bigarrenean, urduriago ipini nintzen. Olatzen azalean, beste pertsonaia bategaz elkarrizketa bat antzeztu behar izan nuen.

Telebistan lehenengo esperientzia izan duzu. Zelan gogoratzen dituzu grabazioak?
Nahiko gogorra izan zen, baina oso gustura lan egin nuen. Kanpotik oso erraza ematen duen arren, atzean lan handia dago, ordu asko eta lantalde handia. Zaldibarren 05:30ean hartzen nuen trena, eta 08:00etan hasten nintzen lanean. 23:00etan heltzen nintzen etxera. Baina merezi izan du. Inoiz ahaztuko ez dudan esperientzia izan da, oso aberasgarria. Osasun egoeragaitik, aktoreon artean halako burbuila bat sortu genuen, kuadrilla polit bat, eta hartu-emana dugu oraindino. Mantentzea espero dut.

Gatxa izan da Olatzen azalean sartzea? Identifikatuta sentitu zara?
Pertsonaia guztien artean, uste dut Olatzen azalean sartzea nuela errezen. Olatz nahiko zakarra da, ni neu ere bai batzuetan. Pertsona zuzena ere bada, ahotik irteten zaion guztia txarrerako da eta denentzat du zerbait. Ainhoa ez da horrelakoa. Baina beste gauza batzuetan identifikatuta sentitu naiz. Baditugu antzekotasun batzuk.

Olatz atezaina da. Ainhoak hegalean eta erdilari jokatzen du. 'Irabazi Arte! fikzioa da, baina errealitatearen isla? Ainhoak bizi izan ditu Olatzek bizitako  egoerak?
Bai, errealitatearen isla. Bizi izan ditut neuk ere halako egoerak, maila horretakoak izan ez diren arren.

Noiztik duzu antzezteko grina?
Txikitatik. Baina urteek aurrera egin ahala aktore izateko amets hori albo batean utzi nuen. Orain, amets hori egia bihurtu da eta arte dramatikoa ikastea erabaki dut; orain, antzezpena ez da zaletasun hutsa.

Zein aktore duzu gogoko?
Itziar Ituño. Lortu daitekeenaren eredua da niretzat. Euskaldun moduan, halako harrotasuna ematen du non dagoen ikustea, eta etorkizuneko itxaropena ere bai. Berak lortu badu, guk ere lortu dezakegu.

Musikak ere garrantzia du zure bizitzan.
Bai. Futbola eta kantua deskonektatzeko bideak izan ditut beti. Jarraitzen dut abesten, eta tarteka kontzerturen bat ematen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!