Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, gaur amaituko dituzte Zaldibarko hondakindegia egonkortzeko eta egokitzeko lanak. Maiatzaren 14tik hona aritu dira lan horietan, Joaquin Beltran bilatzeko lanak amaitzea erabaki zenetik hona. Besteak beste, hondeatze lanak egin dituzte zabortegia eusten duen oinarrian zehar, eta dike frontal gehigarri bat atondu dute, egonkortasuna bermatzeko. Jaurlaritzak azpimarratu du zabortegia kokatzen den lur eremua "egonkorra" dela, eta ingurua "etorkizunean ere egonkorra" izango dela. Estabilitatea kontrolatzeko neurketek halaxe frogatzen dutela gaineratu du. Bestalde, Jaurlaritzak azaldu du drainatze-sistemak instalatu dituela isurketak ekiditeko.
Behin betiko itxiera
Etorkizunera begira zabortegian inolako hondakinik ezingo dela hartu azpimarratu du Jaurlaritzak. Hemendik aurrerako lanak hondakindegia zarratu osteko beharretara mugatuko dute. Hau da: aurrerantzean, "ingurumen-baimen integratuan finkatutako betebeharrak" eguneratuko dituzte. "Behin betiko zigilatzea, zabortegia itxi ondoko mantentzea eta lixibiatuen tratamendua" hartuko dituzte kontuan.