Lur-jausia Zaldibarren

Joaquin Beltranen gorpuzkiak topatzeko lanak amaitutzat ematea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Anboto 2021ko mai. 14a, 08:57

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehndakariorde eta Segurtasun sailburua.

Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia sailburuek agerraldia egin dute goizean bilaketa lanen amaiera iragartzeko. Gaur bertan geratuko dira bertan behera bilaketa lanak. Zabortegiaren egonkortze lanekin, ostera, jarraituko dutela aurreratu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak.

Agerraldian txosten bat aurkeztu dute sailburuek. Honen arabera, hainbat faktorek eragin dute bilaketaren "emaitza negatiboan". "Erabilitako metodologia egokia izan da, horren adibidea da, Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu zirela metodologia berdina jarraituta. Lur jausiak Joaquin Beltran non harrapatu zuen ez dakigu ziurtasunez; azkenekoz non ikusi zuten baino ez", azaldu du Erkorekak. "Lur jausiaren unean energia mekanikoaren askatze izugarri bat egon zen; horrez gainera, fenomeno kimiko larriak eman ziren inguruetan, eta horrek ere eragina izan lezake", azaldu du sailburuak txostenean oinarrituta.  

Erkorekak adierazitakoaren arabera, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo eman zien erabakiaren berri Joaquin Beltranen senideei, pertsonalki. Bilatze lanetan parte hartu duten dozenaka lagunen lana aitortu du, gainera. 

"Enpresa arduratuko da zabortegiaren behin betiko zigilatzeaz"

Arantxa Tapiak Jaurlaritzak hamabost hilabete hauetan egindako lana azpimarratu du. "Baliabide guztiak jarri ditugu, ekonomikoak, mekanikoak zein pertsonalak; uneka 80 eta 120 lagun baino gehiago aritu dira bertan lanean". Horrez gainera, Jaurlaritzak lanetan "subsidiarioki" parte hartu duela nabarmendu du, Verter enpresa ez zelako "gai" bere kabuz lan horiek gauzatzeko. Bestalde, zabortegiaren egonkortze lanekin jarraituko dela iragarri du Tapiak. "Zabortegiaren behin betiko zigilatzea Verter enpresari dagokio", gaineratu du. Tapiaren arabera, orain arte eginiko lanetan 21 milioi euro gastatu ditu Jaurlaritzak. 

Zaldibarko Udalaren mezua

Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren harira, Zaldibarko Udalak elkartasuna adierazi gura izan dio Joaquin Beltranen familiari. "Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu aukera minimo bat baldin badago erabakia berriz aztertzeko, Joaquin bilatzen jarraitzeko aukera guztiak agortu arte". Ohar berean, bilaketa lanetan aritu diren langileen lana eskertu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!