Zelan gogoratzen duzu otsailaren 6ko arratsalde hura?
Zaldibarren laster konturatu ginen zabortegiak moztu zuela autobidea, bagenekien-eta han zegoela. Lehenengo ordu eta asteak frenetikoak izan ziren, alde guztietatik. Hasieratik ikusi zen katastrofe itzela zela. Goizaldean bertan suteak piztu ziren eta arnasten genbiltzan airea ez zela betikoa igarri genuen, ez zela ona. Gehitu horri gobernuaren mezu lasaigarriak, dioxina eta furanoak neurritik kanpora zeudela adierazten zuten airearen azterketen emaitzak... Horren ondorioz, jendeak kalera irten zuen. Dinamika mobilizatzaile bat hasi zen hor, espontaneoa. Herrietako mobilizazioen ondoren, horiei jarraipena eman behar zitzaiela erabaki zen. Horrela sortu ziren Zaldibar Argitu! plataformak Zaldibarren eta Eibarren; gero sortu ziren gainerakoak, Elgetan, Ermuan, Markinan eta Zallan. 'Zaldibar argitu' oihua zen gehien entzuten zena, berba bi horiek jendearen nahia batzen zuten. Aste frenetikoak izan ziren lehenengo horiek, plataformak sortu eta koordinatuz. Pandemia hasi bitartean, frenesi maila horrek jarraitu egin zuen, eta, ostean ere eutsi zitzaion, etxera sartu gintuztenean ere mantendu zirelako mobilizazioak, lapiko-jotzeekin, besteak beste.
Ia urtebeteko jarduera du Zaldibar Argituk. Egin duzue orain arteko baloraziorik?
Hiru berbako programa zehatz bategaz hasi ginen martxan: Langileak, osasuna eta erantzukizunak. Mobilizazioetan, hainbat lelo errepikatzen ziren: 'Gure bizitzekin jolasten ari zarete', 'Arriola dimisioa' eta horrelakoak. Martxoan hamaika puntuko aldarrikapen taula garatu genuen, baina hiru berba horiek izan ziren abiapuntua, eta hamaika hilabeteetan horiek izan dira gure ardatza, jendeak oso ondo ulertzen dituen eskakizunak direlako. Langileak, behargin bi bertan geratu zirelako. Osasunaren aldetik, inguruko herrietako bizilagunen kezka nagusia izan zelako hasieran. Pentsa, hasierako egun haietan, zabortegiko kea usaindu eta ia mastikatu ere egin genezakeen. Eitzagako bizilagunek osasun azterketa egitea eskatu zuten, baina Jaurlaritzak ez zuen erantzun eta Zaldibarko Udalak ezezkoa erantzun zien. Horrelako ingurumen hondamendi baten aurrean, bizitzaren aurkako delituak tarteko, baten batek izan beharko du erantzule, ezta? Inork ere ez du zalantzan ipintzen Verterreko enpresariek erantzukizun maila itzela dutela. Baina, eta hori ahalbidetu duenak? Enpresa horrek lehenengo egunetik eta azkenekora arte horrela jokatu badu, horretarako marko legal bat eduki duelako da. Eta ez hori bakarrik, baita kontaktuak ere. Beste kontu ezagun bat: amiantoa. Ingurumen Sailak bazekien han amiantoa zegoena, baimena eurek eman zutelako, besteak beste. Erreskate lanetakoak han egon ziren beharrean, goizaldera arte, bertan amiantoa zegoela jakin barik. Amiantoa isurtzeko baimena ere aipatu daiteke. Adibideen zerrenda luzea da, baina pistak ematen ditu administrazioak zein ardura izan duen. Epaitegi batek argitu behar duen hainbat kontu dagoela uste dugu.
Zeure kasuan, zinegotzi lez ere ezagutu duzu zabortegiaren gaia.
Bai. 1995etik 1999ra bitartean, gehiengoa zabortegiaren kontra zegoen, udalean egon ziren baldintzengaitik; Herri Batasunak, Alderdi Popularraren marka zuria zen alderdi independenteak eta EAJren bozeramaileek osatzen genuen gehiengo hori. Baina EAJ itsututa zegoen zabortegiaren alde. Zabortegikoak hasita zeuden tramiteekin-eta, baina gehiengo horrek bultzatuta, 1998an Arau Ordezkatzailea (gaur egungo Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra) aldatu egin zen eta legez debekatu egin zen herrian zabortegi gehiago zabaltzea. 2002an, ostera, udalak beste eraketa bat zuen, eta zabortegiak ahalbidetzen zituen legea onartu zuen. Ad hoc aldatu zuten legea. Batzuek oso gogor jokatu zuten zabortegiaren alde, eta horregaitik diogu erantzukizun politiko bat dutela. Modu horretan, azkenean lortu zuten zabaltzea. 2007an obra baimena eman zieten, eta 2011n, presaka, hauteskundeak baino pare bat aste lehenago jarduera baimena eman zieten. 30-32 urte bitartean betetzeko esplotazio bat edukitzea zen espektatiba, baina bederatzi urtean beteta egon da ia. Horrek erakusten du bertan egon den betetze erritmoa. Hainbat garraiolariren lekukotzak agertu dira, eta epaitegian gehiago agertuko direla suposatzen dut, baina horrek erakusten du zelako betetze erritmoa zegoen han. Eta horrelako erritmoa edukita, posible zen hara heltzen ziren kamioietako kargak sailkatzea?
Zer espero duzue epaitegietatik?
Gure jarrera aktiboa izango da epaiketan, ez goaz entzutera bakarrik, azken muturreraino ikertu dadin gura dugu. Kontuan eduki behar da, baina, gu urrian aurkeztu ginela Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartagaz batera, eta aste honetara arte ez dugula epaitegietatik baiezkoa jaso, akusazio lez jarduteko. Guk dakigula epaitegia ez da hasi bestelako diligentziarik egiten. Egia esanda, oso motel dabiltza.
Kontua ez da sinistu edo ez sinistu epaitegiek argituko duten. Hemen, argitze lanetan, kazetari eta komunikabide batzuk dabiltza lehenengo egunetatik. Ez bakarrik gaiaren berri ematen ari zirelako, benetan ikertzen ari zirelako baino. Eta guretzat oso garrantzitsua da hori, herritarrek jasotako informazio asko hortik etorri delako, Eusko Jaurlaritzatik etorri beharrean. Epaitegiak ere ikerketa eremu dira, baina beste eragile batzuk dituena, argi eta garbi; kazetariak ekidin daitezke, baina epaitegira deitu dituztenek dena deklaratu beharko dute. Eta hor beste dimentsio bat hartuko du ikerketak. Ez dakigu zein norabide hartuko duen honek guzti honek, ez zein baliabide izango dituen epaitegiak. Guk ez dugu pronostikorik egingo, baina hor egongo gara, epaiketa ahalik eta ondoen egin dadin.
Diru bilketa kanpaina abiatzea erabaki duzue.
Epaiketak gastu batzuk ekarriko dituela ikusi genuen. Hori dela-eta, diru bilketa kanpaina bat ipini dugu martxan www.itsulapikoa.eus atarian, herritarren ekarpenak jasotzeko. Espero dugu jendeak erantzutea, bestelako mobilizazioetan egin duten moduan.