Urtebete joan da zabortegia amildu zenetik. Zelan bizi zenituzten otsaileko egun haiek?
Lehenengo, harriduta, oso inpaktu handiko gertaera izan zen eta. Eta oso larrituta gero, hondamendia gertatzeaz gainera langile bi desagertuta zeudelako eta baserrietako jendeak bere etxetik irten behar izan zuelako. Gauza asko izan ziren, bata bestearen ostean. Lehenengo egunetan, trafiko handia eta kamioi eta emergentzia zerbitzu mordoa ikusi genuen, eta hondamendia handia izan zela konturatu ginen. Bigarren edo hirugarren egunean sutea piztu zen eta garrantzia kendu zioten. Gerora ikusi zen arnasten genbiltzana kaltegarria zela. Inguruetako udalek esaten ziguten etxean egoteko eta ez aireztatzeko. Bestalde, sentsazioa dut momentu hartan inork ere ez zekiela zer egin behar zen, ez udalek ezta Eusko Jaurlaritzak ere. Autobidea, langile desagertuak, hondakinak, jendea bere etxetik kanpora...
Ingurumenaren aldetik, zabortegitik gertu bizi zareten auzokideok lasai zaudete?
Bere garaian ikusi genuen esaten zigutena onartu behar genuela. Ez ziguten txostenik erakutsi. Porruren baten edo besteren kalitatea neurritik kanpora zegoela esan ziguten, baina beti ahalegindu dira emaitzak ez erakusten. Inork ere ez du ikusi barazki haiei eginiko neurketaren emaitzarik. Gardentasun falta egon da gai honetan. Airearen kalitateari dagokionez, uste dut orain dela pare bat hilabete neurtzeari utzi ziotela.
Arduratzen zaituzte airearen kalitateak?
Gai honetan ikusi dugu oso aparatu bereziak behar zituztela hemengo elementuak neurtzeko. Gogoratzen dut dena ondo zegoela ziotela, eta ganoraz neurtu eta laginak Madrilera bidali zituztela. Emaitzak jasotzerakoan, etxera bidali gintuzten denok. Dena ondo dagoela esan dute eta horrela hartu beharko dugu.
Hautsa igartzen duzue?
Haize bolada handiak daudenean, zabortegiko hautsa harrotzen dela ikusten dugu. Ez gara gai esateko zein partikula diren eta horrek zelan eragiten digun. Orain hori guztia lurragaz tapatzen dabiltzanez, hori ez da hainbeste ikusten.
Hasieran uraren kalitateak ere piztu zizuen kezka. Orain zein egoeratan zaudete?
Zenbait hartune dago baserriaren kokapenaren arabera. Batzuek Bizkaiko Ur Partzuergotik hartzen dute ura, eta beste batzuek euren ur iturburu propioak dituzte. Ur iturburuak ondo zeudela esan zuten. Etxebarri baserrian, ura moztuta dute. Urtebete joan da eta ur iturburu hori ez dakit deseginda edo kutsatuta ez dagoen. Kontua da ur zisternekin jarraitzen dutela. Zapaturo zisterna-kamioi bat joaten zaie. Zelan edo halan, badute ura etxerako, baina ezin dute ortua lantzen jarraitu, ezin dutelako ureztatu. Bestalde, urari dagokionez, albiste bat deigarri egin zaigu. Hamar hilabetean dena ondo dagoela entzuten egon gara. Bat-batean, orain hamabost egun Arantxa Tapiak esan zuen Verter dela erreken eta lurren kutsaduraren eratzule. Beraz, kutsatuta daude. Ez dakigu beheko geruza zelan dagoen. Plastikoak ipini dituzte gainean. Ez dakit zelan kudeatuko duten errekara doan kutsadura. Uste dut ez dakitela hori zelan konpondu. Arazo hori urte askoan izango dugulakoan nago.
Hasieran ez zegoen argi hondakinak bertan geratuko ziren ala beste norabaitera eramango zituzten. Orain jakina da hondakinak Zaldibarren geratuko direla.
Hasieran egin zuten segurtasun-kaiola behin-behinekoa izango zela esan zuten, baina guk bagenekien ezetz. Bagenekien bertan geratuko zena. Arrazoia genuen. Gardentasun falta izan dute. Horrez gainera, zabortegia bera handitu egin dute. Alboko lurrak desjabetu egin dituzte jabeei ezer ere esan barik eta larrialdiko prozedura hasita. Maldako karga kentzen dabiltza eta zabortegia handitu egin dute, %25 gutxienez. Beste zabortegi bat egin dute 800.000 metro kubo bertan sartzeko. Ingurua orekatu dute. Gainetik lurra botatzen hasi dira, zaborra tapatzeko. Belar apur bat botatzen dutenean, belarrak irtengo du. Beheko kaiola Etxebarri baserritik 100 metrora dago, eta han ere berdina egin dute. Lurra gainera bota. Badirudi ez dagoela zaborrik, baina inguruko hatsa jasanezina da.
Kamioien joan-etorriek ere eragin dizue.
Kamioien joan-etorriak hamar hilabete iraun du. Auzo erditik pasatzen dira. Zarata, hautsa, errepide ondoan dauden etxeetan arrakalak...
Zaldibarko Udalaren jarrera sarritan kritikatu duzue.
Zaldibarko Udaletik erantzunik eza eta indiferentzia jaso ditugu. Ez dute ardurarik hartu gura izan eta ez digute ezelango informaziorik eman. Ez dituzte gure beharrizanak bideratu, eta erantzunik ere ez digute eman. Desagertu egin dira gure arazoen aurrean. Badira zazpi hilabete ez dutela batzar bat ere antolatu Eitzagan auzokideak informatzeko. Gutxienez, informazioa eta gardentasuna eskatzen ditugu. Kamioiek etxeetan sortu dituzten pitzadurei buruz berba egitera joan udaletxera, eta partikularren arteko gai bat dela erantzun digute. Ardura falta handia egon da auzokideekiko. Orain jakin dugu Zaldibarko Udala akusazio legez onartu dutela. Kausan egonez gero, izango dute informazioa. Alkatea Eitzagara etortzea eskatzen dugu, auzokideoi informazioa ematera.
Auzokideoi osasun azterketa egitea eskatu duzue. Jaso duzue erantzunik?
Behin eta berriro eskatu dugu osasun azterketa egitea. Hasieran baietz erantzun ziguten. Baina hori ez dut inoiz idatziz ikusi. Hasieran, Moreno sailburuordeak esan zigun funts bat egongo zela hau guzti hau bideratzeko. Pandemia gertatu zen gero, eta konpromiso horiek desagertu egin dira.