Baheketa egiten hasiko dira bihar Zaldibarren

Anboto 2021ko urt. 7a, 15:14

6 urtetik gorako herritarrek PCR proba egiteko txanda hartu dezakete. Bihar, zapatuan eta domekan egingo dute baheketa udal liburutegian.

Azken egunetako datuak kontuan izanda, Osakidetzak Zaldibarren baheketa egitea erabaki du. Izan ere, abenduaren 31tik hona 22 positibo detektatu dituzte herrian. 3.000 biztanle inguruko herria izanda, 5.000 biztanletik gorako herrien intzidentziaren formula aplikatuz gero, 1.247,95 izango litzateke tasa. 500etik gora eremu gorrian sartzen dira 5.000tik gorakoak. 

Baheketa Zaldibarko Udal Liburutegian egingo dute. Osakidetzak azaldu duenez, 6 urtetik gorako zaldibartarrek PCR proba egiteko aukera izango dute. Hitzordua aurretik hartu beharko da, Zaldibarko anbulategian (94 682 70 01) edo 900 20 30 50 telefono zenbakira deituta. Baheketa bihar, urtarrilak 8, ostirala, hasiko da 16:00etatik aurrera eta  igandean, urtarrilak 10, amaituko da. Probak udal liburutegian egingo
dira (Euskal Herria Etorbidea, 5), 08:30etik 21:30era (zapatua eta domeka).

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!