Zaldibarko Eitzaga auzoko Verter Recycling hondakindegian lur-jausia gertatu zen otsailaren 6an. Bertan lanean ziharduten bi langile hondakinen azpian harrapatuta gelditu ziren: Alberto Sololuze eta Alberto Beltran.
Bi langileen bila hasterakoan larrialdi zerbitzuek hainbat arrisku aurkitu zituzten. Alde batetik, amiantoa. Bestetik, sutea piztu zen. Airearen kalitatearen neurketek datu kezkagarriak azaleratu zituen. Dioxina eta furano tasa altuak topatu zituzten otsailaren 9ko airearen kalitatearen neurketetan. Albisteak haserrea piztu du inguruko herrietan. Bestalde, hondakindegia amildu aurretik, arau-hausteak zeudela jaso zuen Jaurlaritzak uztailean egindako ikuskaritza batek.
Egoera honen aurrean, Eitzaga auzoko bizilagunek albo kalteak jasan dituzte hilabete hauetan. Instituzioen aldetik informazio falta salatu dute. Osasun azterketak egitea eskatu dute, baina ez dute erantzunik jaso. Zaldibar Argitu plataformak hainbat mobilizazio antolatu ditu gertatutakoaren erantzukizunak argitu daitezen eskatzeko. Jendetsuena otsailaren 15ean antolatu zuten. Ermutik, Eibartik eta Elgetatik irtendako zutabeek Eitzaga auzoan bat egin zuten. Konfinamenduan ere hondakindegian gertatutakoa argitzeko eskatu dute.
Apirilean aditu talde bat Zaldibarko zabortegiko lur-jausiaren arrazoiak ikertzen hasiko zela azaldu zuen Ingurumen Sailak. Maiatzean berriz, Europako Batzordeak Zaldibarko zabortegian gertatutakoa aztertuko duela publiko egin zen.
Bestalde, epaitegietatik uztailaren bukaeran heldu zen albistea. Eitzagako zabortegiko jabeak atxilotu zituzten, eta epailearen aurretik pasatu eta gero aske utzi zituzten.