Lur-jausia Zaldibarren

Zaldibar Argituk horma-irudi bat egin eta mobilizazioak deitu ditu

Ekaitz Herrera 2020ko abu. 6a, 11:10

Sei hilabete pasatu dira Eitzagako Verter recycling zabortegia amildu zenetik. Urte erdia Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze beharginak harrapatuta gelditu, krisialdi ekologiko bat hasi, eta zabortegien kudeaketaren inguruko zein erantzunkizunen gaineko eztabaida politikoa hasi zenetik. Zaldibar Argitu plataformak horma-irudi bat egin eta mobilizazioak deitu ditu.

Zaldibar Argituren esanetan, "kalitate demokratiko baxukoa" eta "lotsagarria" da sei hilabeteren ostean "erantzunkizun politikoak argitu barik egotea". Plataformaren iritziz, "tragedia humanoa, ekologikoa eta soziala" izan da otsailaren 6tik honakoa. Gogora ekarri dute Joaquin Beltranek eta Alberto Sololuzek desagerturik jarraitzen dutela.

Plataformako hainbat kidek horma-irudi bat margotu dute Zaldibarko sarreran dagoen pareta batean. Bestalde, Zallan eta Markina-Xemeinen (Bizkaia), mobilizazioak deitu dituzte. Zallako Euskadi plazan eta Markina-Xemeingo Goiko portalean kontzentratuko dira, gaur, 20:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!