Zaldibar Argiturentzat atxiloketak "berri onak" dira, baina erantzukizun politikoan pausoak emateko eskatu dute

Maialen Zuazubiskar 2020ko uzt. 22a, 10:19
Artxiboko irudia.

Eitzagako Verter recycling enpresako hiru arduradun atxilotu zituzten atzo. Auzia daraman epaileak agindu zituen atxiloketak eta atzo bertan Ertzaintzak atxilotu zituen. 

Zaldibar Argiturentzat atxiloketak "berri onak" dira. " Erantzukizunak argitzeko bidean urrats bat eman dela uste dugu eta mugimendu hau beharrezkoa zela iruditzen zaigu. Baina erantzukizun publiko-politikoei dagokienez ez da ezer egin, eta zentzu horretan urratsak eman behar dira", esan dute plataformako kideek. 

Bestalde, plataformako kideek Iñaki Arriolaren dimisioa eskatu dute. "Eusko Jaurlaritza eratzeko negoziaketetan ari diren honetan, Iñaki Arriola Jaurlaritza horren parte ez izatea eskatzen dugu. Administrazioak erantzukizun zuzena baitu gertatu zen guztian", jarraitu dute.  

Horrez gain, 2000. urtetik zabortegi pribatuetako langileen segurtasuna enpresen esku dagoela, eta lege hori bertan behera uzteko eskatu dute. "Erakunde publikoak izan behar dira une oro langileen eta herritarren bizitzen segurtasuna babestu eta bermatu behar dutenak", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!