Egunotan, Eusko Jaurlaritza segurtasun dike bat egiteko lanak amaitzen ari da autopistaren gaineko aldean. Horrez gainera, Bizkaiko Aldundiko Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko diputatua den Imanol Pradalesek adierazi du, gaur errepidean bertan ere lanean hasiko direla: hormigoizko areka bat egingo dute, kanalizazioak eta lotura elektrikoa berrezarriko dituzte eta 224 metrotan hesi metalikoak jarriko dituzte, beste lan batzuen artean.
Lan horiek “zazpi egun irautea estimatzen da”, Aldundiko ohar baten arabera. “Beraz, Donostiarako erreiak ekainaren 29tik 30erako gauean ireki daitezke berriro”, iragarri dute. Une horretan errepidearen beste aldean hasiko dira lanean, Bilborako noranzkoan, eta beste astebete iraungo dute. Egunez errei bat egongo da irekita. Gauez, aldiz, trafikoa moztu egingo dute noranzko horretan eta, 22:00etatik 06:00etara, Eibarretik —N-634 errepidetik— desbideratuko dute trafikoa, Ermuko ordaintokian berriro autopistara sartzeko. Lanak amaituta, uztailaren 7an irekiko dituzte errei guztiak, Aldundiko oharrean jasotzen denez.