Izurriteak "digitalki" kontrolatzeko sistema ezarriko du Zaldibarko Udalak

Anboto 2020ko api. 25a, 10:18

Zerbitzu berri honekin, estolderiak garbitzeko produktu kimikoak ez erabiltzea bermatuko da. Anticimex enpresagaz batera hitzarmena sinatu du Zaldibarko Udalak.

Jose Luiz Maiztegi Zaldibarko alkatearentzako lehentasunezkoa da egungo alerta egoeran karraskarien mugimenduak kontrolatzea. "Kaleak hutsik daudenez, arratoien jarduera espazio publikoetan handitu egin da". Ezarriko den sistemarekin, gainera, teknikarien joan-etorria mugatzea lortuko da, baita ere. "Sistema honen bidez karraskarien jarduera denbora errealean monitorizatu daiteke, eta honek online bidezko jarraipena egiteko aukera eskaintzen du".

Sistema "tranpa automatikoen sistema" batek osatzen du, eta mugimendu eta tenperatura sentsoereak ditu, besteak beste. Oskar Alberdi Bizkaiko Anticimexeko administrazio publikoko zuzendariaren arabera, sistemak ez du inolako produktu kutsatzailerik erabiltzen. "Garrantzitsua da gaur egungo egoera ulertzea, eta bizi dugun egoeraren beharretara egokitutako tratamendu berritzaile, eraginkor eta iraunkor bat eskaintzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!