Erosketak egiteko zailtasunak dituzten herritarrak lagunduko ditu Zaldibarko Gazte Taldeak

Anboto 2020ko mar. 14a, 08:35

Zaldibarko gaztetxean egindako zuhaitz landaketa bat.

“Arrazoi ezberdinengatik beharrezkoak diren erosketak egiteko zailtasuna duten pertsonei (adinekoak, arrisku taldeak,...) doako erosketa zerbitzua” egiteko egitasmoa martxan ipini du Zaldibarko gazteriak. 660341642 telefonoan ipini daiteke harremanetan Gazte Taldeagaz

“Atzo hasi ginen honekin. 10 bat lagun gara, baina gero eta gehiago gara. Jendea laguntzeko borondatea azaltzen ari da” diote Gazte Taldekoek.

Nola funtzionatzen du?

Erosketa zerbitzuaren mekanika erraza da: telefono horretara deitu eta beharrezkoak diren produktuen zerrenda aurkeztu behar da. Gazte Taldea  arduratuko da gero erosketak egiteaz. Ondoren, aldez aurretik adostutako tokian utziko dituzte erosketak. “Etxearen kanpoaldean utzi ditzakegu, atarian ere berdin” diote Gazte Taldekoek. “Eskularruak erabili eta babes neurriak hartuko ditugu”.

Erosketak eurak ordaindu beharko ditu eskatzaileak, baina etxera eramateko zerbitzua debalde egingo dute Gazte Taldekoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!