14 urte daramatzazue Eitzagan. Hondakindegiko lur-jausia gertatu eta gero, etxetik joatea erabaki zenuten.
Edurne Zarraoa: Ke beltza ikusi genuen. Kanpoko atea zabaldu eta gure ateraino zetorrela konturatu ginean. Hatsa zekarren. "Aldean daukaguna hartu eta goazen hemendik", esan zidan gizonak. Ezer barik joan ginen
Jose Antonio Elustondo: Hautsa eta kea zegoen alde guztietatik, eta inor ere ez zen etorri hura aztertzera. "Zelan gaude gu hemen?", pentsatu genuen. Horregatik, Atxondora etortzea erabaki genuen. Abere batzuk ditugu baserrian, Eitzagan, eta batera eta bestera ibili izan gara, haiek gobernatzeko.
Beldur zarete?
J.A.E: Kutsadurak kezkatzen gaitu. Hondakindegiaren mugimenduak ez liguke eragingo, baina kutsadurak bai. Ez dakigu giroan zer dagoen.
E.Z.: Ura neurtzen ari dira. Baserri batean, esate baterako, alde batekoek ur ona dute eta bestekoek txarra. Depositu bera da. Zelan ulertu daiteke hori? Hango andrea botilako ura edaten dabil hiru urtetik hona, ikusten zuelako ur hori ez zela ona.
J.A.E: Orain arte ez dugu ezer jakin [lur-jausitik bost egunera esan diete txorroteko urik ez edateko]. Gainera, urteak daramatzagu hemen.
Zein jarraibide eman dizuete?
J.A.E: Txorroteko urik ez edateko eta ortuko berdurarik ez jateko esan digute. Baina abereak dituztenak arduratuta daude. Ardiak larrean dabiltza, eta hango belarra jaten dute, jakina. Ona ote da haien esnea? Ona behien okela? Ala kutsatuta egon daiteke? Urduri gaude.
E.Z.: Orain, ur depositu batzuk ekarri dizkigute auzotarroi, ura handik edateko. Gure ortuko porruak, berdurak eta frutak ere hartu dituzte, azterketak egiteko.
Ingurumen Sailak dio airearen kalitatea parametro normaletan dagoela. Lasaitu egiten zaituzte horrek?
E.Z.: Ez.
Lur-jausiaren aurretik usainik edo igartzen zenuten?
J.A.E: Haizea gurera zetorrenean, hatsa zekarren. Lehen, tximinia batzuk zeuden zabortegian, barruko gasak kanporatzeko. Tximinia haiek ez ditugu aspaldian ikusi.
E.Z.: Hondakindegia geroago eta handiagoa zela konturagu ginen.
J.A.E: Udalekoek esaten zuten kontrol handia zegoela eta teknikariak astean birritan etortzen zirela.
E.Z.: Orain agertu da irregulartasunak zeudela.
Kamioi asko ibiltzen zen hondakindegi horretan?
J.A.E: Asko. Joan-etorri handia zegoen. Goian, zortzi-hamar kamioi batzen ziren askotan.
Lur-jausiaren momentuan, non zeundeten?
E.Z.: Etxean nengoen. Kortatxo bat dugu eta handik etxerantza nindoala, zarata handi bat sentitu nuen. Elur-jausi baten antzekoa izan zen, goitik behera. Eskuak burura eraman nituen, Etxebarri baserria harrapatuko zuela pentsatu nuen eta. Lur-jausia gertatu zenean, lur artean kamioi bat ikusi nuen, lur mugimenduaren eraginez gora egiten, metro nahikotxo, eta gero iruntsi egin zuen lurrak. Ondoren, isiltasuna nagusitu zen inguruaz.
J.A.E: Ermuan nengoen. Edurnek deitu egin zidan eta Goierritik etorri nintzen. Ego ondoan autobide guztia geldituta ikusi nuen. Helikopteroak eta jendea gora eta behera ikusi nituen. Alkatea ere etorri zen. Edurnek kamioiari gertatutakoa azaldu zion. Uste genuen agian baten bat barruan egon zitekeela. Gero enteratu ginen barruan ez zegoela inor.
Jose Antonio, zu mekanikaria izan zara eta hondakindegiko kamioiak konpondu izan dituzu.
J.A.E: 40 urtetik gora egin ditut garajean lanean. Horko kamioiren bat ekartzen zutenean erroberak edo zapatak ateratzeko, askotan hazkura izaten nuen ezpainetan. Arratsalderako ere zikin izaten nuen buzoa. Beste hainbat lekutako kamioiak ere konpondu izan ditut, eta ez dut inoiz ere sentitu horrelakorik. Ez dakit nire kontua den bakarrik edo inguruko tailerretan ere berdin gertatzen zitzaien.
Zer eskatzen duzue eitzagatarrek?
J.A.E: Azterketa mediko bat egitea gura dugu. Ertzainak eta larrialdietakoak txakurrekin ibili dira eta azterketa egin diete. Guk urteak daramatzagu hemen.
E.Z.: Mediku-azterketaz gainera, gure osasunaren inguruko jarraipena egitea eskatzen dugu, auzotar guztiontzat. Lur-jausia gertatu zenean, autobide ondoko etxe bitako bizilagunak hasierako momentutik atera zituzten etxetik, eta ez dute informaziorik. Hori da eskatzen duguna, informazioa. Bestalde, langile biak aurkitzea lehentasuna da guretzat. Babesa adierazi gura genieke euren familiei.